EQUO Berdeak alderdiko hautagaien aurkezpena Bilboko Udalerako eta Bizkaiko Batzar nagusietarako

  • Bilboko Udalerako hautagai Carmen Muñozek bere lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur goizean, “gure hiria bertan bizi direnen egiazko premiei erantzuten dien leku bihurtzeko”
  • “Bilboko aldaketaren buru izan nahi dut, betiere hiri partizipatibo, inklusibo, integratzaile eta gizarte- eta ingurumen-arloan jasangarria lortzeko”: Carmen Muñoz
  • Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagai Stella Maris Garcíak gizarte-zerbitzuen sistema baten garapena bultzatuko du, “arinagoa, malguagoa, baliabidez hornitutakoa eta inor atenditu gabe utziko ez duena”

Elkarrekin Ahal Dugu koalizioko EQUO Berdeak taldeko diputatu Rosa Martinezek gaur goizean aurkeztu du Bilboko Udalerako alderdi ekologistako hautagai Carmen Muñoz, eta lau urteotan UdalBerri Bilbao en Común udal-taldean zinegotzi gisa egin duen lan handia azpimarratu du. Askotariko arloetan lan egin du, hala nola Hirigintzan, Berdintasunean, Mugikortasun eta Jasangarritasunean, Segurtasunean, Obra Publikoetan, eta Ekonomia eta Ogasunean, eta Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdiek osatutako koalizioaren bozeramaile gisa ere jardun du.

Muñozen irmotasuna nabarmendu du Martinezek, eta nola lortu duen ekologia eta feminismoa udaleko lan-arlo guztietan zeharkako egitea. Egin duen errepasoan, Bilbon eraso matxistak prebenitzeko APP bat martxan jartzea aipatu du, azterlan espezifiko bat egin izana Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plan berrian genero-ikuspegia gaineratzeko, edo genero-ikuspegia Udal Aurrekontuetan gaineratu izana, baita “erosketa berdeko” irizpideak ezarri izana ere, eta horrekin batera, hirian ibilgailu pribatuak pixkana murriztea edo hiri-jasangarritasunarekin lotutako ekipamenduen eraikuntza: hiri-baratzeak, parke botanikoa, bosgarren fatxadari bultzada ematea, besteak beste.

Ekologia politikoa eta feminismoa zeharkatzeko helburuarekin bere lan-ildoak markatzen jarraituko du beste helburu uko egin ezinezkoekin batera, hala nola auzoen baldintzak hobetzea ─EAJ-PSE Gobernuak normalean ahaztu egiten baititu auzoak─, eta gardentasuneko eta partaidetzako mekanismo egiazko eta eraginkorrak martxan jartzea, auzotarrak aktiboki entzuteko mekanismoak. “Horrela soilik –Muñozen iritziz– bihurtuko dugu guztion artean Bilbo hiri partizipatibo, inklusibo, integratzaile eta gizarte- eta ingurumen-arloan jasangarria. Aldaketa hori iritsiko da eta nire lantaldearekin horren buru izan nahi dut”.

Auzoen premiei erantzuteko eta gizarte-kohesioko maila handiagoak, eta bizikidetzan eta ongizatean hobekuntzak lortzeko, honako neurri hauek biltzen ditu Carmen Muñozek:

  • udal-etxebizitzak sustatzea eta alokairuko etxebizitzak gehitzea
  • enpresa pribatuek Babes Ofizialeko Etxebizitzak edo Babes Publikoko Etxebizitzak egiteko udal-lurzorua “enkantean” ez jartzeko udal-konpromisoa lortzea
  • ekipamendua etxebizitza bihurtzeko prozesua eta etxebizitza horien salmenta geratzea
  • balio “ekonomiko” gutxikotzat jotako ekipamendua blindatzea, hezkuntzarekin, kulturarekin edo sanitatearekin lotuak.
  • ekipamendu-orubeak co-living programa pilotuetara eta gazteentzako etxebizitzetara bideratzea
  • jarduera ekonomikoaren galera gainditzea, jarduera ekonomikoetako zoru gehiago etxebizitza bihur dadila saihestuta
  • Bilbo jakintza erakartzeko gune bihurtzaren aldeko apustua egitea, ez bakarrik unibertsitate-arlokoa, ikerketa-enpresei bultzada irmoa emanez, betiere Bilbo hiri jasangarri arrakastatsu bihurtzeko lagungarriak izaten badira

Bestalde, Elkarrekin Podemos koalizioko EQUO Berdeak taldeko legebiltzarkidea arduratu da alderdi berdeak Bizkaiko Batzar Nagusietarako izango duen hautagai Stella Maris García aurkezteaz, gaur egun alderdi ekologistaren Euskadiko Koordinazio Mahaiko kide dena. Migrazioen eremuan Marisek egin duen ibilbidea azpimarratu du Becerrak, eta adierazi du erabat ziur dagoela bizikidetza pertsonentzako eskubideen errekonozimenduan oinarritzen dela, eta kultura-aniztasuna gizarte osoarentzako onuragarria dela. “Politikan sartuz egin dudan urratsak, era berean, emakume guztiak, migratuak nahiz ez, helburu dituen mezua izan nahi du, erabakiguneak okupatzera animatu gaitezen. Horrela bakarrik eraldatu ahal izango dugu luzaroegi jaramonik egin ez digun eta mendean hartu gaituen sistema hau.

Stella Marisek foru-erakundean bere lanaren oinarri izango diren jardun-ildo nagusiak xehatu ditu, uste baitu erakunde hori “bereziki iluna eta ulertezina dela herritarrentzat, eta gune hori eraldatu egin behar dugula, hurbilekoa, irekia, gardena eta partizipatiboa izan dadin”.

Gizarte-arloan, honako hauek adierazi ditu lehentasun gisa:

  • gizarte-zerbitzuetarako eskubidea bermatzea, Gizarte Zerbitzuen Zorroaren finantzaketa egokia eta nahikoa ziurtatuz.
  • gizarte-zerbitzuen sistema arinagoa, malguagoa, baliabide gehiagokoa eta inor artatu gabe uzten ez duena garatzea. Ildo horretan, kalteberatasun handiko kasuak atzematen ari gara, ezkutuan daudenak, eta herritarrak kasu horiei erantzun espontaneoak ematen ari dira.

Migrazioetan,

  • euskal erakunde guztiek lan homogeneo eta koordinatuko protokolo bakarra sortzea, harrera integrala eta kalitatezkoa egiteko
  • arduradun politikoekin batera herritarren solasaldirako guneak/foroak sustatzea, politikak diseinatzen direnean pertsona migratuei entzun ahal izateko

Lurralde-politikan,

  • lurraldearen kontserbazioa indartzea, paisaiaren, turismo jasangarriaren eta bizi-kalitatearen alorrean erreferentzia bereizle gisa, eta indarrean dagoen makroazpegitura-ereduaren, Supersurraren, itsaspeko kablearen eta abarren alternatiba gisa.
  • Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiak produkzio ekologikorantz bideratzeko egokitzapen-prozesu bat sustatzea, sektorearen eraberritzea eta enplegu-sorkuntza bultzatzea, eta sare turistiko jasangarria eta kalitatezkoa garatzea, eskualdearen ezagutzari, historiari eta tradizioei lotua.

Hautagai berdearen ustez, Batzar Nagusiak ez dira ari erantzuten planteatzen diren erronka berriei. “Klima-aldaketaren eraginak arintzeko ezinbestekoa da lehenbailehen gure eredu produktibo eta energetikoaren aldaketari ekitea, gure baliabide eta naturaguneen kontserbaziorako ahaleginak areagotzea, gizarte-eskubideak bazter utzi gabe egoera aldakor honetan, non gizarteratzea funtsezkoa den guztion ongizaterako”