EQUO Berdeak alderdiak Gasteizen Eguzki Eraztuna sortzea proposatu du, hiriaren egungo energia-eskariaren % 40 betetzera iristeko

  • Gasteizko alkategai Oscar Fernándezek dio ezinbestekoa dela energia-trantsizioari ekitea Gasteizen, hiriak politika berdeen eredu izaten jarrai dezan mundu osorako.
  • Arabako Batzar Nagusietarako hautagai Txema Ruiz de Apodacak Araban bioeskualde bat sortzeko proposamena aurkeztu du, bioeskualde horretan Arabako errealitate hiritarra, landatarra eta natura-errealitatea uztartze aldera.

EQUO Berdeak alderdiaren Gasteizko alkategai den Oscar Fernándezek Eguzki Eraztunaren proposamena aurkeztu du gaur; proposamen hori alderdi ekologistak azaroan aurkeztu zuen hauteskunde-programan –Vitoria-Gasteiz #BerdeaGO izena du programak– jasota dago. Proposamen horri esker, hiriak gaur egun duen energia-eskariaren % 40 betetzera irits daiteke. Horretarako, alderdi berdeak 2030eko epemuga ezarri dio bere buruari, eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jardutea proposatu du, hiriko etxebizitzetako eta industrialdetako estalkietan eguzki-panel fotovoltaikoak masiboki ezartzeko.

Gaur egun, kanpoaldearekiko energia-mendetasuna % 99 da hirian. Datu hori zuzendu egin behar da hurrengo hamarkadan eta, horretarako, energia tokian-tokian produzitu eta kontsumitzeko inbertsioak egin behar dira. Horregatik, energia-eredu garbi eta berde bateranzko trantsizioa ezartzea hurrengo legegintzaldirako lehentasunetako bat da gure Green Capitalean.

POLIS proiektuaren arabera, Gasteizek urtean 1.125 GW (energia garbi sorgarria) sortuko lukeen eguzki-energia fotovoltaikoa instalatzeko potentziala du, hau da, energia gordin sorgarriaren % 86.4 izango litzateke hori (1.302 GWh/urte). 2015. urtean, udalerriaren energia-kontsumoa 2.732 GWh izan zen; hortaz, eguzki-estalkien bitartez hiriaren egungo energia-kontsumoaren % 40 betetzera ere irits daiteke.

Energia berdearen potentzia hori guztia instalatu ahal izateko, EQUO Berdeak alderdiak laguntza-lerroak prestatzea proposatu du, etxebizitzen energia-birgaitzerako eta energia berriztagarriak instalatzeko; halaber, Eusko Jaurlaritzaren mendeko den Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) akordio bat ere egin beharko litzateke, industrialdeetan instalazioak egiteko. Izan ere, kontuan izan behar da industrialdeen edo etxebizitza-bloke baten kasuan, eguzki-energiaren gaur egungo prezioarekin, inbertsioa lau urteko epean amortizatzen dela, betiere sortutako energia-aurrezkia aintzat hartuta.

Azken helburua autosufizientzia izango litzateke, hau da, kontsumitzen den energia guztia toki-tokian produzitzea, bi tresnaren bitartez: autokontsumoa (etxebizitza bakoitzak kontsumitzen duen energia sortzen du) eta banatutako sorkuntza (eguzki-zentral txikiak lurrean, energia barruti batera edo etxadi multzo batera banatzen dutela).

“Denbora asko daramagu Green Capitalaren erronka nagusietako bat energia berdea sortzea dela ohartarazten. Ezin dugu trantsizioa gehiago atzeratu eta, horregatik, Eguzki Eraztunaren proposamena aurkeztu dugu. Hurrengo hamarkada erabakigarria izango da, eta Gasteizek jasangarritasun-politiketan aitzindari izaten jarraitzea nahi badugu, lehenbailehen ekin behar diogu eginbehar horri”, aipatu du Oscar Fernándezek.

Baina alderdi berdea haratago ere joan da, eta Arabako Batzar Nagusietarako hautagai Txema Ruiz de Apodacak zera proposatu du, Araba bioeskualdetzat hartuta planifikatu eta eratzea, kontsumitzen duena produzitzeko gai den lurraldetzat, errealitate hiritarra, landatarra eta natura-errealitatea modu bateragarrian uztartuko dituena. Energiaren esparruan, 2030. urtean Araba energia berriztagarrien produkzioa % 140 areagotzeko gai izan dadila defendatzen du EQUO Berdeak alderdiak, eta energia berde horren kontsumo-kuota % 90etik gorakoa izatea.

“Hiria eta lurraldea ez dira pieza isolatu eta loturarik gabeak. EQUO Berdeak alderditik, gure errealitate guztiak (hiritarra, landatarra eta natura) uztartzearen alde egiten dugu, XXI. mendean ditugun erronkei aurre egin eta gainditu ahal izateko estrategiak landu ditzagun. Eta erronka nagusi horietako bat da energia eta klima-aldaketaren aurkako borroka. Gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu Gasteizek eta Arabak mundu osoko gainerako lurralde eta hirietarako eredu berde izaten jarrai dezaten”, adierazi du Txema Ruiz de Apodacak.