Carmen Muñoz eta Ramon Sanchez EQUO Berdeak alderdiaren hautagai izango dira berriz ere Bilbon eta Barakaldon

  • Biak ere alderdiko zinegotzi dira gaur egun, eta beren hautagaitza berritu dute taldeko barne-prozesuaren ondoren, zeinean Durangoko, Sestaoko eta Sopelako zerrendaburuak ere aukeratuak izan diren

Carmen Muñoz bilbotarrak berritu egin du bere hautagaitza EQUO Berdeak alderdiaren Bilboko Udalerako zerrendaburu gisa, azken asteetan alderdi ekologistak garatutako barne-prozesuaren ondoren. EQUO Berdeak alderdiaren egungo zinegotzia da Muñoz, Ahal Dugu, EQUO Berdeak eta IU-Ezker Anitza alderdiak biltzen dituen UdalBerri Bilbao en Común talde bateratuaren barruan.

Udal-talde horren bozeramaile nagusia izan da Muñoz zinegotzia legegintzaldiko azken lau urteetan, eta hainbat arlotan lan egin du, hala nola Ekonomia eta Ogasuna, Hirigintza, Sustapen Ekonomikoa, Segurtasuna, Osasuna, Kontsumoa edo Mugikortasuna eta Jasangarritasuna.

Ekologia eta feminismoa udal-lanaren esparru guztietan sartzeko erronka ezarri zion bere buruari zinegotziak eta bide horretatik jarraitu nahi du Bilbo aldaketaren hiri bihur dadin, hiri berdinzaleagoa eta justuagoa, zeinean bilbotar guztiek izango duten ahotsa eta protagonismoa. “Irmo uste dut beste Bilbo bat posible dela, eta aldaketa horretan parte hartu eta lan egin nahi dut duela lau urteko ilusio eta gogo berarekin, baina bizi eta ikasi izandakoaren esperientziarekin oraingoan. Egindako lana sendotzeko garaia da, udal-esperientziak eman dizkidan tresnak erabili eta gure hiri-eredua egia bihurtzeko garaia: hurbilekoa, solidarioa, inklusiboa, bizigarri eta ekologikoa, Guztien Ongira bideratutako udal-politika bat garatuz, hau da, justizia soziala, berdintasuna eta jasangarritasuna. Horregatik, irmo uste dut, halaber, beharrezkoa dela politika feminizatzea eta horretarako ezinbestekoak direla emakumeen ekarpenak”, Muñozen hitzetan.

Bestalde, EQUO Berdeak taldeko egungo kobozeramaile Ramon Sanchez izan da hautagai aukeratua Barakaldorako zerrendaren buru izateko maiatzeko udal-hauteskundeetarako. Muñozen kasuan bezala, hautagai izango da berriz, alderdi berdearen ordezkari gisa aurkeztu baitzen duela lau urte, Irabazi-Barakaldo talde bateratuaren zerrendaren barruan bere kasuan.

Denbora horretan, gizarte-arloan aritu izan da buru-belarri, esperientzia handia baitu esparru horretan bere lan-ibilbidearen ondorioz (haurrentzako eta nerabeentzako harrera-etxebizitzetako hezitzailea da), baita ingurumen-arloan ere, Trapagarango Oiolako urtegian lindanoarekin izandako arazoa Bruselaraino eramateko, edo txartelaren eta hobarien bidezko hondakinen gaikako bilketa-proiektu bat aurkeztuz. “Gu erakundeetan sartu izanak politika egiteko beste modu bat erakutsi du, modu kritikoa, proposatzailea, koherentea eta udalerriko erakunde desberdinen arteko lankidetzan oinarritutakoa. Posible den ekarpena egiteko eta Barakaldon benetako aldaketa baten alde lanean jarraitzeko errepikatzen dut. Pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzak egon behar du politiken erdian, hiri jasangarri bat sortzeko alde guztietatik begiratuta ere”, adierazi du Sanchezek.

EQUO Berdeak alderdiak hautagaiak bildu ditu udaletarako Bizkaiko beste udalerri batzuetan, hala nola Durangon, Sestaon edo Sopelan. Nerea Briones izango da Durangorako ordezkaria, zeina alderdi berdeak Euskadin bere ibilbidea hasi zuenetik lotuta dagoen alderdiari, eta dinamizazio-lanak ere egin ditu Bizkaiko batzarrean.

Hautagaia izan zen aurreko foru-hauteskundeetan, baita Zornotzako Hiri Ekimena zerrendako kide gisa ere. “Durangoko gobernu-taldearen eraginkortasunik ezak noraezean uzten du gure udalerria. Durango udalerri aberatsa da, baina tokiko gobernuaren sormenik eza pairatzen du, eta horrek ez du herritarren parte-hartzea bultzatzen arazo eta premiak konpontzeko garaian. Egoera horri buelta eman behar diogu”, esan du Brionesek.

Sopelan Gurutz Tercilla Cobo ekonomista izango da udalerako EQUO Berdeak alderdiaren hautagaia, eta Sestaon, aldiz, Íñigo Leon, gizarte-mugimenduetan oso langilea –hala nola SOS Ezkerraldea edo Hemen eta Munduan elkarteen kasuan–, zeinak politikarako jauzia egingo duen orain. “Udalean urteak lanean eman ondoren, aldatu beharreko gauza asko ikusi ditut, eta prest nago aurpegia eman eta iristen ez den aldaketa baten zain etxean ez geratzeko”, adierazi du Leonek. Sopelako hautagai Gurutz Tercilla ere debutari dugu udal-arloan, eta pausoa ematea erabaki du planeta eta itsasoa “zapuzten nola ari garen” ikusteak hunkituta. Etengabeko hazkundea, eta produkzio, salmenta eta etekin handiagoen premia erabakigarriak ari dira izaten ekosistemen degradazioa, beroketa globala, eta abar, bizkortzeko. Tokikotik hori gelditzeko ekarpena egin dezakegu”.

   

EQUO Berdeak alderdiak gogorarazten du, halaber, Bizkaiko Batzar Orokorretarako hauteskunde primarioen prozesua abenduan izan zela eta orduan jakinarazi zirela emaitzak. Stella Maris Garcia, 2017az geroztik Euskadiko Koordinazio Mahaiko kidea, izan zen aukeratua hautagai.