- Alderdi berdeak erabaki hori hartzeko oinarritzat izan dituzten dokumentu tekniko, ekonomiko eta finantzarioak eskuratu nahi ditu
EQUOk Berdeak/ALE taldean duen eurodiputatu Florent Marcellesik informazio-eskaera bat erregistratu du Europako Parlamentuan, Red Eléctrica de España (REE) eta Réseau de Transport d’Électricité (RTE) sare elektrikoaren operadoreei 578 milioi euroko diru-laguntza eman izana justifikatzen duten txostenei dagokienez; diru-laguntza hori Bizkaiko Golkoan Espainiaren eta Frantziaren arteko urpeko lehen linea elektrikoa eraikitzeko da. Bizkaiko Golkoan proiektatutako megaazpiegituran, 278 kilometro urpean egingo dituzte kableek eta beste 80 kilometro lurrean, Gatikan (Bizkaia) dagoen estazioa eta Frantziako Akitaniako Cubnezais-en dagoen estazioa lotzeko; megaazpiegitura horretarako diru-laguntza martxoan onetsi zen, eta orain arte azpiegitura energetiko bati eman zaion diru-laguntzarik handiena da.
Alderdi berdeak erabaki hori hartzeko oinarritzat izan dituzten dokumentu tekniko, ekonomiko eta finantzarioak eskuratu nahi ditu. Europako laguntza hori ingurumen- eta ekonomia-inpaktu hain handia duen proiektu bati ematea justifikatzen duten arrazoiak zeintzuk diren jakin nahi du, gizartean gaitzespen handia eragiten baitu –Bizkaian 6.800 alegazio baino gehiago erregistratu ziren proiektuaren aurka–, eta Espainiako Gobernuko Adituen Batzordeak berak ere ez baitu gomendatzen. Organo hori energiaren eta klimaren arloko estrategian aholkuak emateko sortu zen bere garaian eta, txosten horretan jasotako ondorioen arabera, azpiegiturak ez du ahalbidetuko ingurumen-helburuak betetzea eta ez ditu energia berriztagarriak bultzatuko.
Megaazpiegitura horren balizko onuren inguruan zalantza handiak daudenez, proiektuari diru-laguntza hain handia emateko Europako Batzordean eta Europako Parlamentuan zein arrazoi argudiatzen duten jakin nahi du EQUOko eurodiputatuak, beharrezkoa ote den ere zalantzan dagoen proiektu polemikoa dela kontuan izanik. “Klima-aldaketaren aurkako eta trantsizio energetikoaren aldeko borrokan aitzindari izan nahi badugu, Europako Batzordeak proiektu faraonikoak alde batera utzi behar ditu, eta Bizkaitik Frantziara bitarteko urpeko konexio hori garestia bezain alferrikakoa da”, adierazi du Marcellesik.