Ahal Duguk, Ezker Anitza-IUk eta Equo Berdeak taldeak osatutako koalizioak 2017ko azaroan proposamen bat aurkeztu zuen, Bilbon eraso matxisten aurkako aplikazio mugikor bat ezartzeko. Ekimena urtarrilean onartu zen eta “AgreStop/EraStop” iazko abuztuan hasi zen funtzionatzen. Martxan egon den bost hilabeteetan 12.000 emakumek deskargatu dute eta 220 aldiz aktibatu dute. Tomás del Hierro Segurtasun-zinegotziak adierazi duenez, abisu horietatik bat bakarrik izan zen benetakoa, eta gainerakoak erabiltzaileen errakuntzen ondoriozkoak izan ziren. UdalBerriko bozeramaile Carmen Muñozek adierazi du sistema horrekin emakume bakar bati laguntza eman baldin bazaio bere existentzia eta hobekuntzak sartzeko aukera justifikatuta daudela.
Behin app-a deskargatu ondoren erabiltzaileek utzi dituzten komentarioak oro har oso positiboak badira ere, erabiltzaile batzuk kexu ziren larrialdiko botoia sakatu ahal izan arte jarraitu beharreko prozesua zertxobait luzea izan daitekeelako arrisku-egoera batean. “Erabiltzaileen kritikak eta iradokizunak irakurri ondoren, eta Durangon abian jarri duten ekimena ikusirik, non app-ari lotuta geolokalizatzailea duen botoi fisiko bat asmatu duten, gobernu-taldeari eskatzen diogu egungo app-a hobetu dezala antzeko sistema batez hornituz”, adierazi du Muñozek. Bozeramailearen iritziz, tristea da emakumeek honelako tresnak behar izatea euren eguneroko bizitzan beldurra sentitzen dutelako, “baina emakumeen bizitza eta duintasuna arriskuan dauden bitartean, biolentzia matxistari aurre egiteko jartzen diren neurri guztiak eskasak iruditzen zaizkigu”.
Era berean, UdalBerriko bozeramailearen ustez app-ak emakume gehiagorengana iritsi beharko luke. “Bilboko biztanle kopurua kontuan izanik, 12.000 deskarga ez zaizkigu asko iruditzen, eta uste dugu horren arrazoia dela Udalak hedapen-kanpaina bakar bat ere ez duela egin”, atsekabetuta adierazi du Muñozek. Horregatik, UdalBerrik gobernu-taldeari eskatzen dio app-a hedatzeko kanpaina bat egin dezala.