- Óscar Fernándezek defendatzen du udalaren Osoko Bilkurak sufragio unibertsalaren aldeko “benetako” jarrera har dezala, eta Ministerioari izapideak errazteko eska diezaiola.
- “Nazionalitatearekin lotu beharrean, herritartasuna bizilekuarekin lotu behar dela aldarrikatzen dugu. Horregatik aurkezten dugu mozio hau, gasteiztar guztiek beren ordezkariak hautatzeko eskubidea eduki behar dutelako”, nabarmendu du zinegotziak.
Oscar Fernándezek Gasteizen bizi diren atzerritar jatorriko pertsonei buruzko mozio bat erregistratu du, udalaren hurrengo Osoko Bilkuran eztabaida dadin. Fernándezek lortu nahi du Osoko Bilkurak hirian bizi diren pertsona guztien boto-eskubidearen aldeko jarrera hartzea, eta horretarako, Barne Ministerioari eskatzen dio bere esku dauzkan mekanismo guztiak jar ditzan, hurrengo udal- eta foru-hauteskundeetan eskubide hori bermatzeko.

Sufragio unibertsalaren arabera, Estatu bateko pertsona heldu guztiek botoa emateko eskubidea dute, haien jatorria, arraza, sexua, sinesmenak edo kondizio soziala edozein izanik ere. Alabaina, gaur egun, gure hirian erroldatuta bizi diren pertsona heldu guztiek ez dute beren udal-ordezkari politikoak hautatzeko eskubiderik, eta hori guztiz bidegabea dela iruditzen zaigu. EUSTATen azken datuen arabera, une honetan atzerritar jatorriko 30.998 pertsona bizi dira Gasteizen. Haietako askok, hirian urteak eraman arren, ezin dute oraindik boto-eskubidea baliatu.
Indarreko araudiari jarraikiz, hauteskunde-prozesu batean botoa eman nahi duenak Espainian bizitzeko baimena eduki behar du, boto-eskubidea baliatu behar duen udalerrian erroldatuta egon behar du, eta Espainian gutxienez hauteskunde-prozesuaren aurreko bost urteak eraman behar ditu, legez eta etenik gabe (hiru urte Norvegian jaio direnentzat). Gainera, migratzaile guztiek ezin dute boto-eskubidea eskatu, nahiz eta betekizun horiek bete. Europar Batasuneko eta Elkarrekikotasun Akordioak dauzkaten Estatuetako (Norvegia, Ekuador, Zeelanda Berria, Kolonbia, Txile, Peru, Paraguai, Islandia, Bolivia, Cabo Verde, Koreako Errepublika, eta Trinidad eta Tobago) herritarrek soilik egin dezakete.
2019ko maiatzeko hauteskundeetan parte hartu ahal izateko, betekizunak betetzeaz gain boto-eskubidea baliatu nahi duten pertsonek hauteskunde-erregistrora jo behar dute izena ematera, urtarrilaren 15a baino lehen. Barne Ministerioak atzerritarrei jakinarazpena bidali die, baina soil-soilik aurreko hauteskundeetan boto-eskubidea baliatu edo eskatu zutenei, gainerako migratzaile guztiak komunikazioetatik kanpo utzita.
Azkenik, mozioan Udal Gobernuari eskatzen zaio, halaber, migratzaileekin lanean ari diren erakundeekin batera, atzerritar guztiekin harremanetan jar dadila, guztiek ere araudiaren berri izan dezaten, eta, datorren urtarrilaren 15a baino lehen, indarreko betekizunak betetzen dituztenek erregistroan izena emateko aukera izan dezaten.