Pinuen fumigazioak eteteko eskatu dugu Eusko Legebiltzarrean, osasuna eta ingurumena dela kausa

  • Elkarrekin Podemosek legez besteko proposamen bat aurkeztu du Euskadiko basoen kudeaketa azter dezaten, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen aldetik.
  •  “Pinuen gorritasunari fumigazio bidez aurre egiteak ondorio larriak eragin ditzake osasunean; hortaz, ondorioak ikertzen ez diren arte, eten egin behar lirateke fumigazio horiek”, esan du Joserra Becerrak, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak.

Elkarrekin Podemosek kezka agertu du Euskadiko pinudien gaitz gorriak gizartean, ekonomian eta ingurumenean izan litzakeen ondorioengatik, eta Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamen bat erregistratu du gaur.

Ezkerreko euskal koalizioaren ustez, erakundeek basoak kudeatzeko ereduak aztertu behar dituzte, baso politika berriak sustatzeko eta herritar guztien onura bilatzeko, kontuan harturik ingurumena, ekonomia eta gizartea.
“Eusko Jaurlaritzaren esku dago landareen osasun arloa, eta gaitz gorriari aurre egiteko irtenbide aukerak bilatu eta koordinatu behar ditu, betiere arazoei aurrea hartuz eta osasuna eta ingurumena babestuz ikuspegi ekonomikoaren gainetik”, esan du Joserra Becerrak, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak.

Alde horretatik, talde parlamentarioak zera eskatu du, bertan behera uzteko Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari egindako baimen eskaera, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko pinudiak airez fumigatu ahalko baitira; bertan behera uzteko, behintzat informazio tekniko eta zientifiko nahikoa izan arte eta neurri horren eraginkortasuna eta osasunean eta ingurumenean izan dezakeen eragina ikusi arte.

Hala, Elkarrekin Podemosek proposatu du: lehenbailehen sail arteko mahai bat osatzeko Ekonomiaren Garapen sailarekin eta Osasun eta Ingurumen sailekin, ebaluatzeko nolako eraginkortasuna izango duten eta nola eragingo duten jendearen osasunean eta ingurumenean Euskadin aplikatu asmo dituzten tratamendu fitosanitarioek.