- EQUO Berdeak alderdiak primarioak amaitu ditu 2019ko foru-hauteskundeetara begira, herritar guztientzat irekitako prozesu bat garatu ondoren
Stella Maris García, Monika Monteagudo eta Txema Ruiz de Apodaca izan dira Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Batzar Nagusietarako hautatutako hautagaiak, hurrenez hurren, 2019ko foru-hauteskundeetara begira garatutako primarioen prozesuan.
Bizkaiko hautagai Stella Maris García Historiako irakaslea da, Nazioarteko migrazioei buruzko master bat egin du, eta Kulturarteko Hezkuntzan espezializatu da. Azken urte hauetan migratu taldeak laguntzeko lanetan jardun du, bereziki prestakuntzan, pertsona horiek komunitatean eta gizartean duten parte-hartzea hobetzearren.
Lau urtetik gora darama alderdi ekologistan lanean, eta 2017tik Euskadiko Koordinazio Mahaiko kidea da. Toki-mailan, EQUO Berdeak alderdiaren ordezkaria da Udalberri-Bilbao en Común udal-taldearen Batzorde Iraunkorrean, EQUO Berdeak alderdiak koalizioan duen Carmen Muñoz zinegotziaren laguntzaile izanik. Hautagaiak legegintzaldi berriari heltzen dio “sistema matxista eta patriarkala” berritu eta eraldatzeko asmoarekin, eta esparru horretan ere foru-mailatik lan egin daitekeela eta lan egin behar dela uste du. “Feminismoa eta ekologismoa dira bi gizarte-mugimendu sendoenak, jende gehien biltzen dutenak, eta horren araberako presentzia eduki behar dute erakundeetan”.
Bestetik, Monika Monteagudok, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako EQUO Berdeak alderdiko hautagai denak, ibilbide luzea egin du alderdi berdean, Euskadin hasi zenez geroztik.
EQUO Berdeak Euskadiko eta EQUO Berdeak Gipuzkoako kobozeramailea izan da, baita Euskadiko Koordinazio Mahaiko kidea ere. Maila federalean, Batzorde Betearazleko kide izan da.
Gaur egun koordinatzailea da, Euskadiko hautetsiei laguntzeko eta dinamizatzeko arloan. Legegintzaldi honetarako, Gipuzkoako Batzar Nagusietara ekologia politikoa eramateaz gainera beste erronka bat baduela aitortu digu: Batzar Nagusietan ekofeminismoa bultzatzea.
Arabako hautagai Txema Ruiz de Apodacak ere alderdi ekologistari loturik egin du bidea, orain artean kargu organiko baten jabe izan ez bada ere. Esparru politikoan esperientzia dauka. Zortzi urtean Armentiako Administrazio Batzarreko kide izan da.
Hurrengo legegintzaldirako, besteak beste, Batzar Nagusien eta jendearen arteko aldeak murriztu nahi lituzke, “erakundea ez delako oso ezaguna, eta, neurri batean, pertsonengandik nahiko urrun diharduelako”.
Alderdi ekologistak hurbileko beste indar politikoekin hitz egiten jarraitzen du, berotze globalari aurre egiteko ezarritako helburuei jarraikiz pertsonak eta ingurunearen defentsa agenda politikoaren erdian jartzen dituzten politiketan aurrera egiteko lurraldeek behar dituzten aldaketarako hautagaitzak eraikitzeko helburuarekin.