- Alderdi ekologistak joan den igandean Donostiako maratoian izandako portaerak deitoratzen ditu, kalean, edukiontzietatik kanpo, ehunka plastikozko botila eta edalontzi utzi baitzituzten
Atletismoak lasterketa ederrak eskaini ditu asteburu honetan Donostiako maratoian, baina era berean ehunka plastikokozko botila eta edalontzi utzi ditu sakabanatuta espaloien ertzean.
EQUO Berdeak alderdiaren ustez hori ez litzateke errepikatu beharko. Alderdi ekologistaren ustez kirol-ekitaldietako antolatzaileek eta parte-hartzaileek –milaka lagunek zuzenean jarraitzen dituztenak– ingurumenaren zaintzarekin konprometitu eta portaera eredugarriak izan beharko lituzkete. Kirol-ekitaldiaren plangintza eta kudeaketa egokiarekin oso emaitza onak lor daitezke hondakinen murrizketa eta birziklatzeari dagokienez, eta horrela ekitaldi horietan behin eta berriz ikusten diren eta nolabait ere kirol-espiritua itsusten duten eta ingurumena eta gure itsasoak kaltetzen dituzten hain irudi tamalgarriak saihestuko lirateke.
Londresko maratoian aurten edalontzi konpostagarriak erabili dituzte. Ibilbidean zehar, edariak emateko hiru postutan, 90.000 edalontzi konpostagarri inguru jarri zituzten korrikalarientzat.
Hurbilago dauden adibideak ere badaude eredutzat hartzeko. Behobia-Donostia lasterketan, 2009. urteaz geroztik, hornidura-postuetan egindako sistema-aldaketari esker plastikozko botilak erabiltzetik paperezko edalontziak erabiltzera pasatu dira, era horretan sortutako hondakinen bolumena murriztuz.
EQUO Berdeak alderdiak ekitaldi hauen antolatzaileei, finantzaketarekin laguntzen duten erakundeei eta babesleei eskatzen die ingurumena errespetatzen duten hondakinak kudeatzeko sistemak erabil ditzatela, eta parte-hartzaileei ingurumen-praktika egokiekin bat egin dezatela.
Kirol-komunitateak, beste edozein agente sozialek bezala, ingurumenaren defentsan lagundu behar du, eta ekitaldi bakoitzaren antolaketan parte hartzen duten pertsona guztiek berretsi behar dute konpromiso hori.