- Udalak 300.000 euroko partida bat du gordeta egungo kotxetegiak eguneratzeko, zaharkituta geratuko baitira, eta Eusko Jaurlaritzak kotxetegi berriak eraikitzeko proiektua 210.000 euroan lizitatu du.
- Irabaziren barruan EQUO Berdeak alderdiko zinegotzi den Oscar Fernándezek dioenez, “bi aldiz ordainduko dugu gauza beragatik, Urtaran presaka ibili delako Autobus Elektrikoaren lizitazioan”.
EQUO Berdeak alderdiak 300.000 euro “zakarrontzira botatzea” leporatu dio gaur alkateari, plangintzarik ez izateagatik. TUVISAko egungo kotxetegiak egokitu egin behar dira, Autobus Elektriko Adimenduna iristen denerako prest egotearren, eta proiektu horrek eragin du salaketa. Urtaranen kabineteak 2019ko aurrekontu-proiektuan sartu duen partida bati dagozkio 300.000 euro horiek; izan ere, lehengo astean aurkeztu zuen Udalak aurrekontuen proiektua.
Alabaina, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak TUVISArako kotxetegi berriak eraikitzeko proiektua lizitatu du, 210.000 euroan. Sei hilabetean amaituta egongo da azterlan hori, eta egun udal-haztegia dagoen tokian (Lakua-Ibaiondon) eraikuntza-obra egiteko jarraibideak ezarriko ditu. Bestela esateko, autobus elektriko adimenduna lizitatzeko presaka ibiltze horren ondorioz, zaharkitutako kotxetegiak mugikortasun elektrikorako egokitu behar izango dira 300.000 euro gastatuta, baina, 2020. urterako, TUVISAren flota osoak kotxetegi berrietara aldatu behar izango du, epeak betetzen badira, bederen.
Oscar Fernández Irabaziko zinegotziak gogorarazi duenez, EQUO Berdeak alderdiak, bai udalean, bai Eusko Legebiltzarrean, lehendik ere proposatu zuen kotxetegi berriak autobus elektriko adimendunaren proiektuan sartzea, lizitaziora atera baino lehen. “Urtaran alkatearen erabaki pertsonal baten ondorioz ez zen proiektu hori txertatu, hauteskundeen presak bultzatuta”, aipatu du zinegotzi berdeak. Azkenik, lizitazioan izandako atzerapenen eraginez, Urtaran alkateak ez ditu kotxetegi berriak, ezta bere autobus elektriko adimenduna ere garaiz izango 2019rako. Eta okerrena zera da, plangintza txar hori dela eta, Gasteizko herritar guztiek 300.000 euro ordaindu behar izango dituztela beren poltsikotik. “Berriro ere esango dugu autobus elektriko adimenduna egungo kotxetegietan ezartzea txapuza bat dela, zaharkituta eta gainezka daudelako”, esan du, bukatzeko, Oscar Fernándezek.