Landare-olioaren gaikako bilketa –2014. urteaz geroztik geldiarazita dagoen kontratua– Gasteizen abian jartzea eskatzen dugu

  • Alderdi berdeak eskatzen du, gainera, hondakinak biltzeko sistema berri bat, poltsak erostearen araberako ordainketan oinarrituta dagoena, ezartzea  Gasteizen

EQUO Berdeak alderdiak Vitoria-Gasteizko Udalari eskatu dio landare-olioaren gaikako bilketa-kontratua formalizatzeko, hiriak hondakin hori biltzeko edukiontziak eduki ditzan lehenbailehen. Kontratu hori 2014. urteaz geroztik geldiarazita dago judizialki, adjudikazioa lortzeko lehian jardun zuten enpresek jarritako hainbat errekurtsorengatik. Baina, ekainaz geroztik, badago kontratua adjudikatzeko baimena ematen duen epai irmoa.

Egoera berri horren aurrean, EQUO Berdeak alderdiak uste du iritsi dela zerbitzu hori ezartzeko unea hiri-hondakinak behar bezala bereizten eta birziklatzen jarraitzeko. Oso penagarria da Green hiriburuak, administrazio-gaiengatik, lau urte baino gehiago galdu izana olio erabiliaren birziklapena ezartzeko. Lehenbailehen ezarri behar da zerbitzu hori; izan ere, EQUO Berdeak alderdiak gogorarazi duenez, Europako hiriek 2020. urtean % 50 birziklatzera iritsi behar dute. Balio hori oso urrun dago Gasteizko egungo errealitatetik, % 30 ingurukoa baita.

Gainera, EQUO Berdeak alderdiak Udalari eskatu dio aldaketa sakonak egin ditzala hondakinak biltzeko sisteman. “Birziklapen-tasetan pairatzen ari garen geldialdiak erakusten digu gaur egungo bilketa-sistemak muga jo duela. Horregatik, funtsezkoa da beste sistema batzuk ezartzea, hala nola poltsen eta itxitako edukiontzien araberako ordainketa. EQUO Berdeak alderdiak aurkeztu zuen sistema hori uda baino lehen eta horren berri eman genien udaleko zerbitzu teknikoei”, adierazi du alderdi berdeak.