- Alderdi ekologistak salatu du Supersur handitzearen kilometro bakoitzak ia 50MM-ko kostua izango duela, euskal Y-aren kilometro bakoitzaren kostua baino 2,5 aldiz gehiago
- Alderdi politiko horren ustez, ingurumenaren alorrean egingo den zentzugabekeria eta diru-xahuketa horrek ez du Bizkaiko biztanleriaren mugikortasuna erraztuko
Aurreikusten da Supersur handitzeko lanei 2019. urtearen hasieran ekingo zaiela, eta horren aurrean, EQUO Berdeak alderdiak berriro adierazi du beharrezkoa ez den proiektuaren aurka dagoela, ingurumenaren eta ekonomiaren alorrean egingo den zentzugabekeria dela uste duelako eta, gainera, ez duelako Bizkaiko biztanleriaren mugikortasuna erraztuko.
Sustatzaileek Bizkaiko metropoli-inguruneko trafikoa arintzeko irtenbide gisa proposatu dute errepide hori, baina alderdi ekologistaren ustez, kamioiak lurraldean barrena igarotzea besterik ez du ekarriko, nahiz eta helburua, hain zuzen ere, ibilgailu astunen errepide bidezko fluxu hori saihestea eta trenbidera bideratzea izan.
Luzapen berriak ekarriko duen diru-xahuketa salatu du alderdi ekologistak. 200 MM €-ko aurrekontua egin da; izan ere, Supersur handitzen den kilometro bakoitzak ia 50MM-ko kostua izango du, euskal Y-aren kilometro bakoitzak izango duen kostua baino 2,5 aldiz gehiago. EQUO Berdeak alderdiak uste du erantzun behar zaien beste lehentasun batzuk daudela Euskadin, hala nola osasunaren, hezkuntzaren edo laguntzaren arloko lehentasunak, diru publiko kopuru izugarri horiek bideratzeko eta, horrela, herritarren bizi-baldintzen hobekuntzan zuzenean eragiteko. Dena den, mugikortasunaren arloko inbertsioetarako gordetzen diren funtsak ez lirateke gutxiegi erabiltzen diren eta defizita sortzen duten bide-azpiegiturak eraikitzeko erabili behar, baizik eta garraio publikoa hobetzeko erabili beharko lirateke, garraio mota hori erabilgarria baita gizartearentzat.
Diru-kutxa publikoek pairatuko duten inpaktu ekonomikoaz gain, ingurumenaren alorreko inpaktua ere izango da. Proiektua kontraesanean dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2030erako Biodibertsitate Estrategiak eta Bizkaiko Estrategiak ezartzen dituzten kontserbazio-helburuekin. Beharrezkoa ez den azpiegitura horrek erabateko eragina izango du Bolintxu errekaren ibilguan. Ingurune hori Bilboko udalerriari geratzen zaion eremu ahulena eta hobekien kontserbatuta dagoena da. “Bolintxu haranak eta haren inguruko mendiek natura- eta paisaia-balio handiak dituzte eta faunako eta florako espezie askoren habitata dira. Biodibertsitateari eusteko funtsezkoa da haien degradazioa saihestea”.
Arrazoi horiek direla eta, alderdi berdeak bat egiten du Supersur handitzearen kontrako Plataformak egiten duen premiazko eskaerarekin handitze hori egikaritzea geldiarazteko.