Beste behin ere eta laugarren urtez jarraian, Irabazi Bergarak ez ditu onartu EAJ-PSE gobernuak onartutako Ordenantza Fiskalak, “aldebakarrekoak direlako, ezer gutxi landu direlako, ez direlako progresiboak eta diru-bilketaren xede bakarra dutelako”.
Ogasun-batzordeko presidentearekin egindako bilerak aurreko urteetakoak baino hobeak izan baziren ere, Irabazi Bergararen ustez ezer gutxi aurreratu da gizarte- eta ingurumen-justiziari dagokionez. Gure ustez, ordenantza fiskalek ongi landutako dokumentu objektiboa, bidezkoa eta etikoa izan behar dute.
Irabazi Bergarak uste du lan asko egin beharra dagoela ordenantza fiskalak behar bezala lantzeko, eta horregatik zuzenketa oso bat planteatu du 13 zuzenketa partzial aurkeztuz, horietatik bat bakarrik onartu delarik. Lehena legegintzaldi osoan.
Koalizioak zenbait aldaketa proposatu ditu Ordenantza progresibo batzuk lortzeko, Ondasun Higiezinen Gaineko zergan, Ludotekan eta Kolonia irekietan hobariak ezarriz. Urtero bezala, energia-efizientziaren hobekuntzari hobaria eman beharra azpimarratu da. Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan, % 5eko hobaria ematea energia-efizientziaren bidean lortutako jauzi bakoitzeko. Eta % 40ko hobaria konpost-egiteagatik. Ingurumen-alorreko hobariak dira, betiere Gobernuaren nahi eta ezin batekin amaitzen direnak.
Irabazik proposatu du, halaber, Udal Euskaltegian Euskara ikastea doakoa izatea, hezkuntzak publikoa eta doakoa izan behar duelako eta euskararen kasuan are gehiago, kultura-ondarea den neurrian. Eta urtero bezala, Agorrosin kiroldegiko tasak aldatzea ere planteatu dugu, besteak beste gaizki deituriko familia-tasa ezabatuz, ez zaigulako logikoa iruditzen adingabeei kobratzea gurasoak kiroldegiko bazkide ez badira, eta ez kobratzea, aldiz, gurasoak bazkide izanez gero. “Neurri hori guztiz bidegabea eta diskriminatzailea dela iruditzen zaigu”.
Bestetik, Agorrosin kiroldegiko tasetan, gimnasioaren, igerilekuaren eta SPAren erabilerak bereiztea proposatu dugu, eta berau, instalazioak erabiltzen direnaren arabera kobratzea. Zerga gehiago enpresa eta bankuentzat, jarduera ekonomikoen gaineko zerga-tipoa gehienekora (% 2,2) igoz. Zerga hori MILIOI BAT EUROtik gorako fakturazioa duten enpresek ordaintzen dute bakarrik. Kutxazain automatikoen zerga igotzea. Eta Uraren kontsumoari dagokionez, 2 tarifazio-maila izatetik, 4ra pasatzea proposatu dugu, herritarren artean kontsumo hidrikoarekiko kontzientziazioa zabaltzeko.