EQUO Berdeak alderdiko hautetsiek mozioak erregistratu dituzte ikastetxeen eta kultura-zentroen inguruan apustu-etxeak irekitzeari mugak jartzeko

Ausazko Jokorik gabeko Nazio Egunarekin bat eginez

  • Elkarrekin Podemos espazioko gainerako hautetsiek bat egin dute ekimenarekin; izan ere, Euskadiko kaleetan joko eta apustuetarako lokalak neurriz kanpo ugaritzen ari dira, eta lokal berriek irekiera arautzea du xede ekimenak

EQUO Berdeak alderdiko hautetsiek mozioak erregistratu dituzte Udaletan, Osoko Bilkuran eztabaidatzeko, ikastetxeen, kultura-etxeen eta haurrentzako espazioen inguruan apustu-etxeak irekitzeari mugak jartzearren.

EQUO Berdeak alderdiak Gasteizko, Barakaldako, Donostiako eta Bilboko koalizioetan dituzten zinegotziek erregistratu dituzte jada mozioak. Ekimenarekin bat egin dute, halaber, Gipuzkoako zinegotzi berde gehiagok eta Elkarrekin Podemos espazioko beste hautetsi batzuek.  Kanpaina honen helburua zera da, apustu-etxe berrien irekiera arautu dadin lan egitea, Euskadiko kaleetan joko eta apustuetarako lokalak neurriz kanpo ugaritzen ari baitira.

Alderdi ekologistaren ustez, behar-beharrezkoa da erregelamendu hori egitea, jarduera horretara bideratutako lokalak ugaritzen ari direlako eta Euskadin ludopatia-arazoak dituztenen kopurua handitzen ari delako, batik bat, 18 -25 urteko gazteen kasuan. Alderdi ekologista bereziki kezkatuta dago joko-aretoak sentsibilitate bereziko tokietan kokatzen diren kasuekin, hala nola institutu publikoen inguruan. Hain gertu daudenez, jokoa ikasleen begi-bistan geratzen da eta jokoa normalizatzera irits daitezke, baina ez dugu ahaztu behar adikzio-arazoak eragin ditzakeen jarduera dela.

Zinegotzi berdeek erregistratutako ekimenetan, udal-gobernuei Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailarekin batera lan egiteko eskaera egiten zaie, Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorrean (I. eranskina) apustu-lokal berriak irekitzeko mugak jar ditzaten, lokal horiek eta joko-aretoen arteko tarteak finkatuta. Puntu berean, joko-aretoen arteko muga-distantzia bateratzea ere eskatzen da, ikastetxeekiko distantziak sartzea, baita saturatutako eremuen ezaugarriak zehaztea ere.

Halaber, ikus-entzunezko publizitate-edukiaren hedapena murrizteko aukera azter dadin ere eskatzen da, eta Udaltzaingoak arlo horretan jasotzen duen prestakuntza areagotzea.