Pinuaren gaixotasunak jotako 40.000 hektareak oxido kuprosoa erabilita airetik fumigatzeak kalteak eragin ditzakeela ohartarazi nahi du EQUO Berdeak alderdiak

  •  Alderdi berdeak mesfidantza agertu du teknika horri dagokionez eta, fumigatzeari ekin aurretik, izan ditzakeen ondorioei buruzko informazio gehiago eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Pinuaren gaixotasunak jotako 40.000 hektareak oxido kuprosoa erabilita airetik fumigatzeak kalteak eragin ditzakeela ohartarazi du EQUO Berdeak alderdiak

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako landa-inguruneko foru-diputatu Ainhoa Aizpuruak, Elena Unzuetak eta Eduardo Aguinacok “Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia” plana abiaraziko dutela jakinarazi dute; planaren neurri nagusia airetik fumigatzea da, oxido kuprosoa erabilita. Horren aurrean, EQUO Berdeak alderdiaren ustez agente kimiko horrekin tratamendua egiteak ingurumenean eragingo dituen ondorioak aintzat hartu beharko lirateke, bereziki akuiferoetarako toxikotasun handikoa dela frogatuta dagoelako. “Euliak hiltzeko kanoiak erabiltzea bezala da. Airetik botatako oxido kuprosoak gaixo dauden pinuak ez ezik, gainerako landare-espezie guztiak ere har ditzake eraginpean, ekosistema horietan bizi diren animaliak, baita pertsonak ere”, esan du alderdi ekologistako kide den Jon Ruiz de Infante biologo kontserbadoreak.

EQUOkidea oso kezkatuta dago ur-ingurunean eragin lezakeen kaltearengatik. “Fumigatutako eremuetan dauden ibai eta errekak kutsa litezke, eta baliteke herritarrentzako edateko ura biltzen den akuiferoetara iristea”.

Arrisku nabari horiek ikusita, alderdi ekologistak erabakia birplanteatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta udaberrian Gobernuaren Nekazaritza Ministerioari baimena eskatu aurretik, oxido kuprosoa erabilita airetik fumigatzeak izan ditzakeen ondorioei buruzko txosten zehatzak eska ditzala.