Fernández: “Gasteizko Gobernuari aitzakiak bukatzen ari zaizkio patinete elektrikoak ez arautzeko”

  • Indarrean jarri da mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (patineteak, monozikloak, segwayak) arautzen dituen Madrileko Mugikortasunari buruzko Ordenantza.
  • IRABAZI taldeak proposatuta, 2017ko uztailean egindako udaleko osoko bilkuran mozio bat onartu zen mugikortasun modu berriak arautzeko.

Oscar Fernándezek adierazi du Gobernuari bukatzen ari zaizkiola patinete elektrikoak, monozikloak eta segwayak ez arautzeko aitzakiak. Mugikortasun pertsonaleko modu berriak arautzen dituen Madrileko Mugikortasunari buruzko Ordenantza indarrean jarri baita. Beste hainbat hiritan, hala nola Bartzelonan eta Madrilen, urrats irmoak egin dituzte segurtasun-falta juridikoa bukatzeko; aitzitik, Gasteiz Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak egingo duen (DGT) arauketaren zain dago, baina arauketa hori ez da inoiz iristen.

2017ko uztailean, udaleko osoko bilkurak IRABAZI-GANAR (IU/EQUO Berdeak) taldeak mugikortasun modu berriak arautzeko aurkeztutako mozio bat onartu zuen. Urte horretako urrian, Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak 8 hilabeteko epea ezarri zion bere buruari patinete elektrikoak arautzeko ordenantza baten idazkuntzan aurrera egiteko. Baina urte bat igaro ondoren, eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin eta beste hiri batzuekin hainbat bilera egin ostean, ez dago gai horri buruzko berririk. Egon litekeen bide bat ibilgailu horiek bizikletarekin parekatzea izan liteke eta trafikoari buruzko udal-ordenantzako III. KAPITULUAN (BIZIKLETA, ZIKLO, IRRISTAILU ETA ANTZEKOEKIN ZIRKULATZEA) sartzea.

Begien bistakoa da beharrezkoa dela Udalak arauren bat ateratzea; izan ere, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren arabera, estatuko etorkizuneko arauketak ibilgailu mota hori argi eta zalantzarik gabe sailkatu besterik ez du egingo. Une honetatik bertatik lan egiteko aukera emango duen arauketa bat behar da, betiere Mugikortasun Elkargunearen eskutik, mozioan onartu zenaren arabera. Oraindik ere jarraitzen baita segurtasun-falta juridikoa izaten Gasteizen, 2015eko urrian izan zen istripu bati buruz Auzitegi Probintzialaren epaian jaso zenaren arabera. Istripu horretan patinete elektriko batekin zirkulatzen ari zen pertsona bat zegoen tartean sartuta.

“Arauketa garbi bat izatea nahi dugu, patineteak arazo bihurtzen hasi direlako. Beste hiri batzuk urratsak egiten ari dira, baina Gasteizek bere horretan jarraitzen du. Ezin gara atzean geratu gai horretan eta ez dugu itxaron behar zerbait larria gertatu arte arauak egiten hasteko”, adierazi du Fernándezek.