Eucalyptusa “espezie inbaditzaile” izendatzeko eta Euskadiko Espezie Exotikoen Katalogoan sartzeko eskaera bat bultzatu du EQUO Berdeak alderdiak

●     EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemos koalizioan duen legebiltzarkide José Ramón Becerrak ohartarazi du eukalipto-sailek zer arazo dakartzaten: “landare-estalkia murrizten dute, akuiferoak lehortzen dituzte, lurraren kalitatea aldatzen dute, espezie autoktonoak ordezkatzen dituzte, sute-arriskua areagotzen dute eta degradatutako lurrak kolonizatzen dituzte”.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide José Ramón Becerrak mozio bat erregistratuko du Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko Eucalyptus barietate guztiak espezie inbaditzaile izenda ditzala eta Espezie Exotikoen Euskal Katalogoan sar ditzala.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, pinu-onddoaren krisia dela-eta, pinu-sailen jabeek eukaliptoen aldeko apustua egin dute, gaixotutako pinuak ordezteko. Eta praktika hori geldiarazteko, espezie horiek desagerrarazteko lagungarri diren neurriak hartu behar dira, eta, horretarako, espezie exotiko gisa sailkatu behar dira.

Helburu horrekin, Gobernuari eskatu diogu ahalik eta lasterren ireki dezan Euskadiko Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoa sortzeko administrazio-prozedura. Ildo horretan eskatzen diogu, halaber, katalogoa sortu eta berehala, Eucalyptus barietate guztiak erregistro horretan inskribatzeko prozedurari hel diezaion

Eusko Legebiltzarreko gaur goizeko Kontroleko Osoko Bilkuran, EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkideak Ingurumeneko sailburu Iñaki Arriolari gogora ekarri dizkio eukalipto-sailek dakartzaten arazo eta kalteak, eta, horren ildotik, eukaliptoa espezie inbaditzaile gisa sailkatzeko eskatu dio, Gobernuak ekimen hori aurrera eramateko asmorik ez badu ere, Arriolaren erantzunetik ondorioztatzen denez.

Becerrak berriz ere esan du Australiatik ekarritako zuhaitza dela, “eta gure mendietan askotariko arazoak eragiten dituela: landare-estalkia murrizten dute, akuiferoak lehortzen dituzte, lurraren kalitatea aldatzen dute, espezie autoktonoak ordezkatzen dituzte, sute-arriskua areagotzen dute eta degradatutako lurrak kolonizatzen dituzte”.

Legebiltzarkide berdeak gogora ekarri ditu, halaber, Espainiako Gobernuaren Txosten Zientifikoaren irizpenean jasotako gomendioak. Hogei zientzialari independentek osatutako aholku-organo hori oso irmoa izan zen 2017ko abenduan emandako irizpen ez-loteslean. Izan ere, aho batez eskatu zuen eukaliptoa “espezie inbaditzaile” gisa katalogatzea, eta gomendatu zuen “baso-ustiapenerakoak diren eukalipto espezie guztiak Espainiako Espezie Inbaditzaile Exotikoen Katalogoan biltzea, espezie horiek inbaditzeko arrisku handia dakartelako, haien ezaugarri biologiko, fisiologiko eta ekologikoen ondorioz”.

Becerrak erregistratuko duen mozioan Foru Aldundiei eskatzen zaie, halaber, baso-politikak alda ditzatela beren lurraldeetan eukalipto gehiago ez landatzeko, eta titulartasun publikoko mendietan egun dauden eukalipto-sailen ordezkapen ordenatua planifika dezala.