Eusko Jaurlaritzak erregai fosiletan inbertitzen jarraitzen duela salatzen dugu, diru-baliabide horiek ezinbesteko energia-trantsiziora bideratu ordez

  • Eusko Jaurlaritzak hidrokarburoei buruzko ikerketa egiteko hiru baimen berri onartu ditu Gipuzkoan eta Bizkaian duela gutxi

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jasotzen denaren arabera, joan den urriaren 9an sinatutako dekretuaren bitartez, hidrokarburoei buruzko ikerketa egiteko Gipuzkoako eta Bizkaiko Landare, Sustraia eta Lore izeneko baimenak eman dira. Aztertzeko eskaerak duela sei urte erregistratu ziren, hots, 2011. urtean, baina Eusko Jaurlaritzak orain erabaki du eskaera horiek onartzea.

EQUO Berdeak taldearen ustez, erabat inkoherentea da Jaurlaritzak hartutako erabakia, Jaurlaritzak berak klima-aldaketaren aurkako borrokaren alde sinatutako konpromisoekiko kontraesanean baitago. Konpromiso horietako bat, adibidez, Parisko Akordioa da, zeinetan ezartzen baita ez dela erregai fosil gehiago erauziko, industriaurreko mailekin alderatuta munduko batez besteko tenperaturari 2ºC baino askoz beherago eustea lortzeko.

Eusko Jaurlaritza da gaur egun Euskadin daukagun energia-mendekotasunean erantzukizun handiena duena, eta, horregatik, ez du dirua xahutzen duten proiektuen alde egin behar, baizik eta etorkizunaren, energia berriztagarrien, aurrezkiaren eta energia-eraginkortasunaren alde egin behar du. Erregai fosiletan inbertitzea txarra da ingurumenerako, baita pertsonen osasunerako ere, eta txarra da, halaber, sakeletarako. Analista asko esaten ari dira inbertsio mota hori ez dela errentagarria, meategi berri asko ezin izango direlako ustiatu.

Erabat ulertezina da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila Donostian klima-aldaketari buruz egingo den Change the Change (Aldaketa aldatzea) izeneko konferentziaren sustatzailea izatea eta gobernu bereko Ekonomiaren Garapen Sailak klima-aldaketara egokitzeko guztiz kaltegarriak diren erabaki horiek hartzen jarraitzea.