Eibarko ospitalea, Gipuzkoako Debagoiena eta Debabarrena eskualdeentzat eta Bizkaiko Lea Artibai eskualdeko udalerrientzat erreferentziazko zentroa izango dena, laster inauguratuko da, baina artatuko dituen 75.000 pertsonari mugikortasun-alternatibarik eskaini gabe. Irabazi Eibar udal-taldeak irisgarritasun-gabezia hori salatu du, eta, azpimarratu duenez, osasun-zentroek mugikortasun-aukerak eskaini behar dituzte betiere, ahal dela, mugikortasun kolektibo publikoko aukerak.
“Ospitaleak, eibartarrei ez ezik, inguruko herrietako herritarrei ere eskainiko die zerbitzua. Alabaina, 75.000 erabiltzaileei ez zaie ospitale horretaraino iristeko erraztasunik ematen. Eskualdeko autobus-linea zuzenik ez delako ezarri. Ospitaleraino ibilgailu pribatuan joatea da pazienteen esku dagoen aukera bakarra. “Hori gutxi balitz, aparkaleku propiorik ere ez dauka zentro berriak. Aurreikusi al da horrek aparkatzeko sortuko dituen arazoak, lehendik bazeudenei erantsiko zaizkienak?” galdetu du Maria Jesus Aguirrek, EQUO Berdeak alderdiak Irabazi Eibar koalizioan duen ordezkariak, eta hori arazo-iturburu etengabea izango dela ohartarazi du.
Aguirrek Eibarko udalbatzari eta eskumeneko gainerako erakundeei eskatu die garraio kolektiboko aukerak azter ditzatela, ospitalea eta artatu beharreko erabiltzaileak bizi diren eskualdeak lotzeko, eta beste neurri batzuk ere abian jar ditzatela ospitale berrirainoko errepide bidezko joan-etorriak errazteko. “Eskualdeko garraio publikoko zerbitzuari eman behar zaio lehentasuna. Mugikortasunerako darabiltzan aukeren artean azkenean udalbatzak aparkaleku bat eraikitzea erabakitzen badu, Irabaziko kideok proposatzen dugu lurpeko aparkalekua egitea, kanpoaldean berdeguneak ezarriz aldameneko lurzatietan, gasolindegi bat edo janari lasterreko frankizia bat proiektatu den tokian”, iradoki du EQUO Berdeak alderdiko kideak eta Irabaziko zinegotziak.