Donostiako EAJ-PSE Gobernuak ez du etxebizitzaren xede soziala defendatzen

  • Amaia Martin eta Loïc Alejandro Irabazi Donostia udal-taldeko (Ezker Anitza-IU eta EQUO Berdeak alderdiek eta independenteek osatutako plataforma da) zinegotziek salatu dute EAJren eta PSEren Udal Gobernuak ez duela etxebizitzaren xede soziala defendatzen, eta turismo-sektoreari mesede egiteaz baino ez direla arduratzen.

EAJren eta PSEren politikak turismo-sektorean jarri du arreta guztia, eta horren ondorioz, hiriak egundoko aldaketa izan du legegintzaldi honetan, dagoeneko erdigunea “uda-pasako” tokia bihurtu delarik, baita donostiarrentzat ere. Legegintzaldi honetan turismo-establezimendu bat ireki da hilabete bakoitzeko, pentsioak izan edo hotelak izan, eta horiei etxebizitza turistikoak erantsi behar zaizkie, dagokien ordenantza indarrean hasi zenez geroztik legeztatuta daudenak. Horrek guztiak ondorio nabarmenak dakartza gizartearentzat, etxebizitza eskuratzeari zein enpleguari dagokienez.

Etxebizitzari dagokionez, Amaia Martinek azpimarratu du bizitegitarako lurzati batean eraikitzen den hotel bakoitzeko “hainbat etxebizitza desagertzen direla, eta bertan inoiz berriz ere etxebizitzak izateko aukerak oso urriak direla”, ordenantza berriak legeztatu dituen etxebizitza turistikoez gainera. EAJren eta PSEren politika horren ondorioz, gero eta zailagoa da erdialdeko eremuetan etxebizitza bat alokairuan hartzea, eta beste eremu batzuetan ere ezinezko eginkizun bihurtzeko bidean doa.

Irabazi Donostiako bozeramailea kexu da, egoera horren aurrean EAJren eta PSEren Gobernua “beste alde batera begiratzen ari delako”, eta, hirian etxebizitzen suntsiketa saihesteko tresnak eskura dauzkaten arren, “ekimen hori aurrera eramateko borondate politikorik ez dutela, ezta etxebizitzaren xede soziala defendatzeko asmorik ere”. Martinek aipatu du, halaber, udal-gobernua “epelkeriaz” jokatzen ari dela hutsik dauden etxebizitzei gehieneko errekargua (% 150) aplikatzeari dagokionez, legegintzaldiaren hasieran bere udal-taldeak proposatu zuenari entzungor eginez, etxebizitza-politika publikorako diru-sarrera handien iturburu izan litekeen arren.

EQUO Berdeak alderdiak koalizioan duen zinegotzi Loïc Alejandrok azpimarratu duenez, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak ezartzen du bizitegitarako eremuetan erabileren % 40 baino ezin daitezkeela etxebizitzaz bestelako erabileretarako izan (bulegoak, saltokiak, ostalaritza, etab.). “Zoritxarrez”, ordea, une honetan Udal Gobernuak ehuneko hori betetzen ote den ere ez daki, “Ramos zinegotzi delegatuak batzordean erantzun zigunez”.

Irabazi Donostiako zinegotziak gogor kritikatu ditu EAJ eta PSE, Hiri Antolamenduko Plan Nagusiak ezartzen duenez etxebizitzak izan behar duelako bizitegitarako eremuen erabilera nagusia, eta, antza denez, Gobernuak hori bermatzen ote den jakiteko inolako asmorik ez duelako. “Are okerrago”, prestatzen ari diren Plan Orokorraren aldaketan zera proposatzen dute, ehuneko hori egiaztatzeko ardura sustatzaileen esku uztea; beraz, “kontrolatzeko betebeharra bete ez, eta, hori gutxi balitz, azeria oilo-zaindari jartzen dute”, erantsi du zinegotziak.

Alejandrok adierazi duenez, bizitegitarako erabilera bermatzeko helburuarekin, egun Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasota dagoena baino zonifikazio txikiagoa proposatuko dute, eremu zabal-zabal batzuetan (Erdialdea, Amara, Gros, Intxaurrondo eta Antigua) balitekeelako, oro har, bizitegitarakoak ez diren erabileretarako eskatutako % 40a betetzea, baina, hala eta guztiz ere, dagoeneko saturatuta edo saturatzeko zorian egotea.