- Unidos Podemos koalizioko EQUO alderdiko diputatuaren ustez, kanpaina horrek ez du informazio argirik, gardenik eta ulergarririk biltzen ezagutza tekniko espezifikoak ez dituen kontsumitzaile batentzat
- Talde konfederaletik ohartarazten dute bonua berritzea eskatu duten Bonu Sozialera bildutako pertsonen kopurua “kezkagarria dela hain gutxi izateagatik”
- “Gainera, trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako Errege Dekretuko neurri urgenteak ez dira nahikoak”, Martínezen hitzetan
Unidos Podemos – En Comú Podem – En Marea Talde Parlamentario Konfederaleko EQUO alderdiko diputatu Rosa Martínezek gobernua kritikatu du Bonu Elektriko Sozialari buruz garatutako informazio-kanpaina dela-eta, Martínezek uste baitu erabat alferrikakoa dela pobrezia energetikoa arintzeko.
Bonu Sozial Elektrikoaren esleipendunak, azken erregulazioaren arabera, beren eskubidea proaktiboki berritzera behartuta zeuden. Gaur bertan amaitzen da epea. Gehienentzat beren egoera aldatu ez bada ere, baztertuta geratuko dira bonu sozialaren bidez aplikatutako tarifa baliatu gabe administrazio-tramite korapilatsuengatik eta ezagutza tekniko espezifikorik gabeko kontsumitzaile batentzat informazio argi, garden eta ulergarririk ez dagoelako.
“Energia baliatzeko aukera eskubide gisa bermatzeko eta pertsona kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko onuradunen bizilekuetara informazio argi, ulergarri eta egiatia bidali behar zen, azken aldiko fakturekin batera, berritzeko tramiteak nola bete behar ziren errazteko moduan. Horrela izatetik urrun, nabarmen nahasia izan da informazio-kanpaina”, Rosa Martínezek adierazi duenez.
Horregatik guztiagatik, talde konfederaletik ohartarazten dute bonua berritzea eskatu duten Bonu Sozialera bildutako pertsonen kopurua kezkagarria dela hain gutxi izateagatik. “Egoera horrek mesfidantza gehitzea baino ez du egiten, eta oro har energia-sektorearen eta bereziki sektore elektrikoaren lehendik ere eskasa zen sinesgarritasuna murriztu egiten du”, adierazi du atsekabetuta Martínezek.
Euskadiko pertsona askoren ekonomian bonu sozial elektrikoa ez berritzeak eragin ahalko lukeen inpaktua dela eta, Bizkaiko diputatuak Euskadin bonua berritu duten pertsonen kopuruari buruzko datuak eskatu ditu. Horren inguruko galdera-sorta bat erregistratu du Martínezek Kongresuan:
– Euskadin Bonu Sozial Elektrikora bildutako pertsonen (etxekoen unitateak) kopurua 7/2016 Errege Dekretua indarrean hasi aurretik, enpresa merkaturatzailearen, sartzeko kategorien, sarreraren, kalteberen eta kaltebera larrien arteko banaketaren eta lurralde historikoaren arabera bananduta.
– 2018ko urriaren 8an bonu sozialaren onuradun gisa Euskadin bonua berritzea eskatu duten pertsonen (etxeko unitateak) kopurua, 7/2016 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, lurralde historikoaren eta erreferentziazko enpresa merkaturatzailearen arabera bananduta.
– Euskadiko baztertutako eskaeren kopurua eta baztertze horren arrazoia, enpresa merkaturatzailearen eta lurralde historikoaren arabera bananduta.
Horrekin batera, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko presidente José María Marín Quemadari idazki bat igorri dio Rosa Martínezek, zeinean bere kezka helarazten dion Bonu Sozial Elektrikoa izaten ari den hedadura eskasarengatik, eta informazioa eskatzen du, halaber, Euskadin bonua berritzea eskatu duten pertsonei buruz.
Ildo horretan, Unidos Podemos koalizioko EQUO alderdiko diputatuak uste du Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Riberak iragarritako, eta trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako Errege Dekretuan bildutako neurri urgenteak “ez direla nahikoak”. Bonu sozialaren inguruan adostutako jardunek pobrezia energetikoa pairatzen duten pertsona gehienak kanpoan uzten dituzte orain ere. Bestalde, bonu soziala kudeatzeko, erreferentziazko enpresa merkaturatzaileen esklusibotasuna atxikitzen da, hau da, oligopolio elektrikoa. Horrela, beste enpresa merkaturatzaileetako eta kooperatibetako bezero-kontsumitzaileek ez dute bonu soziala baliatzeko aukerarik, halakorik egokituko balitzaie.