- Herritarrek auzoz auzo parte hartzeko prozesua, Bus Elektrikoa inplementatzea, erdiguneko superretxadian aurrera egitea eta Trantsizio Ekologikorako zentro balioaniztuna nabarmentzen dira, beste hainbat proposamenen artean
Oscar Fernándezek prentsaurrekoan aurkeztu du trenbidea lurperatzean askatutako gunerako IRABAZI-GANAR (IU/EQUO Berdeak) koalizioak prestatu duen proposamena.
Erdiguneko ardatzerako proposamenak (Senda ibilbidetik Iradier Arenaraino)
–Erdiguneko Superretxadia eta Bus Elektriko Adimenduna
Ibilgailuen trafikoa trenbidearen egungo korridoretik bideratzea, horrela Florida eta Manuel Iradier ibilgailurik gabe uzteko eta erdiguneko superretxadian arrera egiteko. Espazio publikoarekin eta konektibitate sozialarekin atseginak diren bideen bitartez bideratu behar da trafiko hori, Zabalganako eta Salburuko ekialdetik mendebalderako zabalguneetan hain ohikoak diren errepide eta autobideen ereduak (3 errei noranzko bakoitzeko) errepikatu gabe.
Gainera, Bus Elektriko Adimenduna ibiliko da bide horretan, Salburua eta Zabalgana lotuz tren-geltokiaren bitartez.
–Trantsizio Ekologikorako zentro balioaniztuna
Aldi berean proposatzen dugu Trantsizio Ekologikorako zentro balioaniztun bat sortzea Unibertsitate Campusean, UPV/EHUri eta hiriko beste zenbait hezkuntza-eragileri lotuta. Eraikin malgua izango litzateke, hainbat jakintza-arlo bilduko lituzkeen neurrian. Alor horietako batean kokatuko lirateke unibertsitatean eskaintzen hasi den automobilgintza-gradu berrirako behar diren tailer eta espazioak. Bestetik, gune balioaniztun bat ezarriko litzateke, tailerrak, prestakuntza-hitzaldiak eta biltzar txikiak egiteko aproposa, eta hezkuntza-eragile guztientzat irekia.
Zentro horri lotuta, beste zenbait gune sortu beharko lirateke Trantsizio Ekologikoarekin lotutako sektoreei buruzko teoria irakasteko, eta haien arteko sinergiak bultzatzeko: unibertsitatearen aldetik, irakasle-ikasketak (Garapen Jasangarriko Helburuei lotuta), ingeniaritza eta enpresa (industria-ekosistemaren garapenari, prozesuen optimizazioari, baliabideen minimizazioari eta industria-zikloak ixteari lotutako ikasketak), dietetika eta nutrizioa (dieta osasungarriari eta nekazaritzako elikagaien estrategiari lotutako ikasketak) eta ingurumen-zientziak (biodibertsitatearen kontserbazioari eta babesari lotutako ikasketak); lanbide-heziketaren aldetik, berriz, eraikuntza-institutua (birgaitzeari lotuta), Ignacio Ellacuría institutua (eraikuntzari, instalazioei eta industriari lotuta), eta hondakinen tratamendurako ikerketa-zentroa (plastikoen tratamenduari ere lotuta).
Herritarrek parte hartzeko prozesua
Azkenik, herritarrek parte hatzeko prozesu bat irekitzea proposatzen dugu, lurperatzearen eraginpeko auzoetako jendeak zer premia dauzkan zehazteko eta askatutako gunea premia horiek betetzeko nola aprobetxa daitekeen azaltzeko aukera izan dezan. Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren diagnostikorako erabilitako metodologiaren antzeko metodologia bat erabili behar da prozesu horretan. Hau da, lurperatzeari buruzko azterlanaren datu teknikoetatik abiatuta, “orri zuri” bat hartu eta prozesuari hasiera emango zaio; lehen etapa batean ideia guztiak mahai gainean jarriko dira, eta, ondoren, pixkana-pixkana, ideia nagusiak definitu eta zehaztuko dira.