Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio daukan autogobernu-ahalmena erabiltzea La Naval erreskatatzeko

  • Elkarrekin Podemosek adierazi duenez, Euskadik industria-politikaren eskumena badu, eskumen hori betetzeko da, eta ez autogobernuaz harropuzteko.
  • “Elkarrekin Podemoseko kideok gure esku dagoen guztia egiten ari gara La Navalen erreskate publikoa lortzeko ”, adierazi du Joserra Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak

Elkarrekin Podemoseko kideon ustez, ontziolaren egoera larria da, itxiko balitz milaka enplegu galduko liratekeelako, eta beste aurrerapauso bat izango litzatekeelako Euskadiren —eta, batez ere, kinka larrian dagoen Ezkerraldearen— desindustrializazioan.

Euskal ezkerren koalizioak adierazi duenez, “Euskadik industria-politikaren eskumena badu, eskumen hori betetzeko da, eta ez autogobernuaz harropuzteko. Euskadirentzat estrategikoak diren gaietan ausardiaz jokatzea da autogobernua indartzeko modurik onena, eta La Navalek aurrera egitea estrategikoa da Sestaorentzat, Ezkerraldearentzat eta Bizkaiarentzat”.

“Erreskate publikoa da ontziolari geratzen zaion irtenbide bideragarri bakarra. Ez dago besterik”, adierazi du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta EQUO Berdeak alderdiko kide Joserra Becerrak, eta, erantsi duenez, “administrazio publikoek ez badute berriz ere ontziolaren kontrol publikoa hartzen, Europako beste herrialde batzuetan egin duten bezala, La Navalenak egin du. Eta Eusko Jaurlaritzak ondo daki hori, aitortu nahi ez badu ere”.

La Navalen kontrol publikoak berreskuratzeak zuzeneko eta zeharkako lanpostuak ziurtatzea suposatzen du, baina suposatzen du, halaber, Euskadirentzat hain estrategikoa den ontzigintza-sektorea sendotzea, eta ongi prestatutako eta trebatutako lanesku horrek Euskadin jarraitzea, egiten jakite hori gure industria suspertzeko ezinbestekoa izanik. Hala egiten ez bada, itxi egin beharko dute, ezinbestean.

Ildo horretan, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk legez besteko proposamen bat erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzari hiruko mahai bat antolatzeko deialdia egin dezala eskatzeko, non Euskadiko eta Espainiako gobernuek eta La Navaleko langileen ordezkariek parte hartuko duten, ontziola guztiz edo partzialki berriz publiko bihurtzeko dauden aukera guztiak aztertzeko helburuarekin.

Gainera, euskal ezkerren koalizioak langileekin hartu duen konpromisoaren esparruan, eta egoeraren larritasuna ikusirik, Rosa Martínez Unidos Podemoseko diputatuak gestioak bizkortu ditu, datorren astean La Navaleko Enpresa Batzordea Reyes Maroto Industriako ministroarekin bil dadin.

Azkenik, Elkarrekin Podemosek Arantxa Tapia sailburuari interpelatuko dio datorren urriaren 5ean, legebiltzarraren kontroleko osoko bilkuran, zera azal dezan, La Naval zergatik ez duten erreskatatu nahi. “Guretzat oso kezkagarria da Eusko Jaurlaritzak komunikabideen aurrean beste alternatiba batzuk badaudela esatea; izan ere, Eusko Jaurlaritzak La Navali aspaldi eman zion bizkarra”, amaitu du Becerrak.