“Diru publikoak ezin du enpleguko prekarietatea gehitzen lagundu” Loïc Alejandro

Irabazi Donostia (Ezker Anitza-IU eta EQUO Berdeak alderdiek eta independenteek osatutako plataforma) udal-taldeko zinegotzi Loïc Alejandrok eta Amaia Martinek salatu dute EAJk eta PSEk osatutako udal-gobernuak ez duela inolako borondaterik hirian dagoen lan-prekaritatearen aurka borrokatzeko. Izan ere, uste dute diru publikoa baliagarria izaten ari dela enpleguko prekarietatea gehitzeko, dela diru-laguntzen bidez, dela zuzenean eman beharko lituzkeen zerbitzuen azpikontratazioaren bidez.

Irabazi koalizioak zenbait ekimen eramango ditu osoko bilkurara “EAJ eta PSE inplika daitezen hirian sortzen den enplegua kalitatezkoa izan dadin”.

Loïc Alejandrok azpimarratu du zerbitzu-hiri bezala finkatuta dagoela hiria (BPGaren % 24,1 da). Esparru horretan, ostalaritza eta merkataritza nabarmentzen dira, “aldibaterakotasun-maila handiko bi sektore, eta zenbait kasutan, prekarietate-maila handikoak ere bai”. Dena den, Alejandrok gogorarazi duenez, “udalak bi sektoreak sustatzen ditu diru-laguntzen edo bestelako laguntzen bidez, baina ezikusiarena egiten du sektore horietako enpleguaren kalitateari dagokionez, eta oso ondo ezagutzen dute hori bertan lan egiten dutenek”.

Irabazi Donostia koalizioko zinegotziaren arabera, legegintzaldiaren hasieratik ari zaio bere taldea gobernuari proposamenak egiten lan-prekaritatearen aurka borroka egiteko, nahiz eta “guztiak baztertuak izan diren sistematikoki, aztertuak ere izan gabe”, atsekabez adierazi duenez.

Iraileko osoko bilkuran defendatuko dituzten ekimenen artean, nabarmentzekoa da lankidetza-ildo bat bilatu nahi duena udalaren eta Lan Ikuskaritzaren artean lan-iruzurra pertsigetzeko. “Uste dugu borondate politikoko kontua dela, ez baita onargarria hainbat pertsona 12 eta 14 ordu lanean egotea lanaldi-erdiko kontratu eta kotizazioekin, hau da, 4 ordukoak”. Era berean, Irabazi Donostia koalizioak hiriko lan-baldintzen udal-behatoki bat sortzea eskatuko du, patronalarekin eta sindikatuekin batera, bertan enplegu duin baten aldeko neurriak adosteko.

Irabazi Donostia koalizioak osoko bilkurara eramango duen beste ekimenetako batek bus turistikoen langileen lan-baldintzen ez-betetzearekin dauka zerikusia. Era berean, bisita gidatuek gida kultural eta turistikoen sektoreko profesionalekin egiten ote diren egiaztatzea eskatuko da. Neurri horren helburua bikoitza da; prekaritatea saihestea eta zerbitzu horien kalitatea bermatzea.

Azkenik, Irabazi Donostia koalizioko zinegotziek azpimarratu dutenez, “udal-gobernuak aitzakia merkeak jartzeari uzten badio”, ekimen ugari abiarazi ditzake lan-prekaritatearen aurka borroka egiteko eta Donostiako herritarren bizitza hobetzeko. Zoritxarrez, “ia esklusiboki sektore turistikoa sustatu nahian oso okupatuta ikusten ditugu EAJ eta PSE, kalitatezko eta eskubidedun enpleguen bermeak exijitu gabe, eta oso gutxi okupatuta, aldiz, herritarren kezka nagusiari erantzuten: bizitza duina bermatuko dien enplegu bat izatea”.