Proposamena Gasteizen: langileei eta familiei fiskalitatea gutxitzea enpresa handiei eta fortuna handiei gehitzeko

  • Oscar Fernandezek aurkeztu ditu 2019ko Ordenantza Fiskalen proiekturako IUren eta EQUOren ekimenaren 17 zuzenketak.
  • “Ezin dugu onartu karga fiskalaren zati handiena langileek eta familiek beren gain har dezatela, EAJk nahi duen bezala”, Fernandezek adierazi duenez.

IRABAZI-GANAR (IU/EQUO) koalizioak uztailean Urtaran kabineteak aurkeztutako 2019ko Ordenantza Fiskalen proiektuari erregistratu dizkion 17 zuzenketak aurkeztu ditu prentsaurrekoan Oscar Fernandezek. Zuzenketa horien bidez, IU eta EQUO Berdeak alderdien ekimenaren helburua langileei eta familiei fiskalitatea jaisten saiatzea da, “ezin baitugu onartu karga fiskalaren zatirik handiena arazo gehien izaten ari direnek har dezatela beren gain”, Oscar Fernandezek adierazi duenez. Proposamen horren ondoriozko diru-sarrera galera konpentsatzeko, IRABAZI-GANAR (IU/EQUO) koalizioak proposatzen du karga fiskala gehitzea enpresa handiei eta fortuna handiei, “gehien daukatenek ordaindu behar dutelako gehiago”, Fernandezen hitzetan.

Enpresa handiak karga fiskal handiagoa hartu behar dute beren gain

Fernandezek azaldu duenez, “IRABAZI-GANAR (EB/EQUO) koaliziotik enpresa handiek Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren bidez beren gain karga fiskal handiagoa har dezatela proposatzen jarraituko dugu”. Ekimenak proposatzen du zerga horren tasa 2,2raino gehitzea, 2015ean onartutakoa betez eta EAJk, PSEk eta PPk patronalarekin egindako itun lotsagarria zuzentzeko neurri gisa. Gainera, kendu egin behar dira milioi bat euroko negozio bolumena duten enpresei gaur egun ematen zaizkien hobariak, ez baita bidezkoa enpresa handiek abantaila fiskal ugari baliatzen jarraitzea familiak beren errentak zergen bidez itota ikusten dituzten bitartean.

Guraso bakarreko familiak eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak

IRABAZI-GANAR (IU/EQUO) koalizioak proposamen-sorta bat aurkeztu du fiskalitate feministaren aterkipean, guraso bakarreko familiak eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak ardatz gisa hartuta.

Orain bertan Hondakinen Tasarako soilik daude hobariak guraso bakarreko familientzat, eta IRABAZI koalizioaren zuzenketek biltzen duten helburua da gainerako zerga eta tasetara ere zabaltzea, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak ere sartzea:

  1. Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ): % 50eko hobaria kuotan.
  2. Ibilgailuen gaineko Zerga: % 50eko hobaria kuotan.
  3. Udal Musika Eskola: % 50eko hobaria matrikulan.
  4. Kirol-instalazioak: % 50eko hobaria urteko abonuan.
  5. Udal Dantza Eskola: % 50eko hobaria matrikulan.
  6. Jarduerak eta ikastaroak gizarte-etxeetan: matrikula ordaintzetik salbuetsita egotea (indarkeria matxistaren biktimak soilik).

 

Adineko pertsonak eta Etxeko Laguntza Zerbitzua

IRABAZI-GANAR koalizioak aldaketak proposatzen ditu Etxeko Laguntza Zerbitzuan, eguneko zentroetan eta tutoretzapeko apartamentuetan adineko pertsonek bizitza duina izan dezaten beren egunen amaierara arte.

Horri dagokionez, IRABAZI-GANAR koalizioak tarifa bakarra sortzea proposatzen du Espainiako Gobernuak hilean 537,84 euroan zehaztutako efektu anizkunen errentaren adierazle publikoaren azpitik dagoen errenta duten adineko pertsonentzat. Tarifa hori, hilean 3,05 euro, izango litzateke pertsona horiek ordaindu beharko luketena etxeko laguntza zerbitzua erabiltzeko. Kopuru horretatik aurrera, prezioak progresiboki egiten du gora errenta handienetaraino iritsi arte. Metodo hori arrakastaz erabiltzen da Iruñeko Udalean.

Bestalde, Oscar Fernandezek adierazi du IRABAZI-GANAR koalizioak gainerako zerbitzuetan prezioak izoztea proposatzen duela: eguneko zentroak, tutoretzapeko apartamentuak eta zuzkidura-alojamenduak.

Hobari gehiago errenta txikientzat

IRABAZI-GANAR koalizioak errenta txikiengatiko hobariak gehitzea proposatzen du. Pertsona kalteberenek ez dituzte ordaindu behar gizartetik baztertzen dituen sistema batek eragindako krisialdi ekonomikoaren ondorioak.

Urtean 21.000 eurotik beherako errententzat hobariak gehitzeko zuzenketak erregistratu ditu ekimenak, ondoren erakusten denez:

 

Hobari subjektiborako errenta
Errenta % hobaria
0tik 3.300 eurora % 99ko hobaria
3.301etik 6.600 eurora % 90eko hobaria
6.601etik 9.900 eurora % 75eko hobaria
9.901etik 13.200 eurora % 60ko hobaria
13.201etik 16.500 eurora % 50eko hobaria
16.501etik 19.800 eurora % 40ko hobaria