Irabazi Donostia udal-taldearen barruko EQUO Berdeak alderdiko zinegotzi Loïc Alejandrok salatu duenez, EAJ eta PSE alderdiek osatzen duten Udal Gobernuak, Donostia Turismo udal-sozietatearen bitartez, 1.600 euro arteko finantzaketa ematen du torero onenaren “Urrezko Maskorra” sarirako.
Sari horri buruzko galderen erantzuna batzordean jaso ostean egin ditu adierazpen horiek Alejandrok. Irabazi Donostiako zinegotziak adierazi duenez, “frogatuta geratu da herritar guztion diruarekin animaliak torturatzea eta hiltzea finantzatu dela hainbat pertsonak ikuskizun batean ongi pasatzeko”.
Gainera, zinegotziak gogoratu duenez, iaz ere eraman zuten kontrol-mozio bat osoko bilkurara tokiko Gobernuko ordezkariek sari horren banaketan parte hartzeari utz ziezaioten. Mozioari erantzunez, Gasco zinegotzi ordezkariak zera adierazi zuen, norbanako moduan baino ez zuela parte hartzen, sariaren antolatzaileek gonbidatuta. Koalizioak ikerketa-lanak egin ditu eta “argi geratu da hori ez dela horrela”. Udalak, Donostia Turismo udal-sozietatearen bitartez, urtero 1.600 euro arteko kopurua ematen du. Halaber, sariaren epaimahaiaren aktan ikus daitekeenez (Udalaren beraren irudia agertzen da idazpuruan), Gasco jaunak zinegotzi ordezkaritzat jarduten du, hau da, udal-gobernuaren ordezkari da; beraz, ez du norbanako moduan parte hartzen, salatu du Alejandrok.
Irabazi Donostiako zinegotziak nabarmendu du Hiritarren Pertzepzioari buruzko Inkestan argi ikusten dela hamar donostiarretatik zazpik ez duela nahi udal-baliabideak zezenketetara bideratzerik. “Hala eta guztiz ere, Turismo Sozietateak sari horretarako diru-ekarpenak egiten ditu oraindik eta, eta zezenketak udal-esparru batean egiten dira oraindik ere”, adierazi du zinegotziak.
Horregatik guztiagatik, Alejandrok jakinarazi du Irabazi Donostiak proposamen bat egingo duela Donostia Turismoko Administrazio Kontseiluan: sari hori diru publikoz finantzatzeari uztea; haren hitzetan, “animalia bat hiltzeraino torturatzen den ikuskizun bat ezin da artetzat jo” eta, hortaz, “Udalak ezin du ikuskizun hori ontzat eman sari baten bitartez eta diru-kopuru bat emanez sari horretarako”.