- Elkarrekin Podemosen bitartez, La Navaleko CAT sindikatuko ordezkariei Legebiltzarreko ekimenen berri eman diegu; hain zuzen ere, hiruko mahai bat sortzea eskatzen da ekimen horietan, bideragarritasun-plan bat egiteko ekonomiaren, finantzaren, industriaren, merkataritzaren, produktibitatearen eta enpleguaren arloetan.
- “Erakunde publikoek Eusko Jaurlaritzak orain arte egin duena baino askoz ere gehiago egin dezaketela eta egin behar dutelako uste sendoa dugu. Aukera guztiak aztertu behar dira, eta gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabide guztiak aktibatu” adierazi du gaur goizean Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Joserra Becerrak Sestaoko ontziolaren atarian.
Joserra Becerra eta Jon Hernández Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak eta Rosa Martínez Unidos Podemoseko diputatua La Navaleko CAT sindikatuko ordezkariekin bildu dira eta babes osoa adierazi diete ontziolako langileen aldarrikapenei dagokienez.
Becerraren ustez, “La Naval ontziola bideragarria, lehiakorra eta modernoa da, eta erakunde publiko guztiek aukera bat ematea merezi du; erakundeek konpromisoa hartu eta paper aktiboago bat izan beharko lukete ontziolaren kontrol publikoa beren gain hartzeko”.
Hori horrela dela, Elkarrekin Podemosetik erakundeen maila guztietan eskatuko dute erabaki egokiak har ditzaten ontziola publiko bihur dadin lehenbailehen; Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari edo Gobernu Zentralari egingo diete eskaera.
“Erakunde publikoek La Naval, Sestao eta Ezkerraldea salbatzeko esku hartzea aukeratzat hartu behar da; hain zuzen ere, burujabetza industriala xede izanik, sektore jakin batzuetan presentzia publikoa izatearen garrantzi estrategikoaren gaineko hausnarketa egiteko aukeratzat”, esan du Unidos Podemoseko diputatu Rosa Martínezek.
Ezkerreko koalizioan La Navalen kontrol publikoa berreskuratzearen alde daude, lanpostuak –zuzenekoak eta zeharkakoak– bermatzea ez ezik, Euskadin sektore estrategiko bat –La Naval, alegia– sendotzea ere ekarriko bailuke horrek.
Horrela bada, Elkarrekin Podemosek babes osoa adierazi die La Navaleko langileei, eta eskulan prestatuari, kualifikatuari eta egiten badakienari Euskadin eustearen alde agertu dira, langile horiek euskal industria biziberritzeko ezinbestekoak diren aldetik.
“Euskadik industria-arloko eskumena baldin badu, eskumen hori gauzatu egin behar du, ez autogobernuaz harro-harro hitz egiteko soilik baliatu” adierazi du Kongresuko diputatu Martínezek; gainera, esan duenez, “autogobernua indartzeko modurik hoberena ausardiaz erabiltzea da, betiere Euskadirentzat estrategikoak diren kontuetan, eta La Navalen iraupena estrategikoa da Sestaorentzat, Ezkerraldearentzat eta Bizkaiarentzat”.
Elkarrekin Podemosen ustez EAJ alderdiaren industria-politika irauli egin behar da, ez baitu lortu lurraldearekin lotutako euskal industriaren zati handi bat ez desagertzea. “Herrialde honetako industria-politikaren norabidea aldatzeko garaia da”, esan du, amaitzeko, Becerra legebiltzarkideak .