- IU eta EQUO Berdeak, Irabaziren udal-ekimenak espero du ekitaldia lagungarria izango dela herritarrak, enpresak eta erakundeak janari-xahuketaren aurka kontzientziatzeko
- Proposamena, 2017ko abenduko Osoko Bilkuran onartu zena, Gasteizko Nekazaritzako Elikagaien Estrategian sartzen da
Irabazi Ganar Gasteiz taldeak udal-gobernuari proposatuko dio bazkari herrikoi bat egitea, beste modu batean zakarrontzian amaituko luketen elikagaiekin. Ekitaldi hau, 2017ko abenduan ekimen ekologistaren proposamenez udal osoko bilkurak onartu zuen janari-xahuketaren aurkako kanpainaren barnean bilduta dago. Bazkari herrikoiaren helburua da herritarrek parte har dezaten eta janari-xahuketaren aurkako konpromiso pertsonala beren gain har dezaten bultzatzea, xahuketa murrizteko konpromisoa hartuz. Deialdia enpresa eta erakundeetara ere hedatzen da.
Proposamen horrek arrakasta handia izan du beste hainbat hiritan, hala nola Paris, Dublin, Manchester, New York, Sydney, Amsterdam edo Bruselan. Gertuen dugun esperientzia Zaragozak egin zuen, 2013an (feedbackglobal.org). Irabazik uste du horrelako ekimenak guztiz bat datozela Gasteizko Nekazaritzako Elikagaien Estrategiarekin eta Arabako etorkizuneko Hondakinen Foru Planarekin. Gainera, elikagai hurbilagoak arduraz kontsumitzearen aldeko gizarte-mugimendu sendo bat abian da dagoeneko.
Janari-xahuketa, gizarte gisa aurrez aurre dugun arazo handietako bat da. Kalkuluen arabera, mundu mailan, produzitutako elikagaien heren batek zakarrontzian amaitzen du. Europan, herritar bakoitza kontsumorako egokiak diren elikagaien 95 eta 115 kilogramo bitartean botatzearen erantzukizuna du. Egoera horren aurrean, Nazio Batuetatik Garapen Iraunkorraren Helburuetan ezartzen da 2030. urterako elikagaien xahuketa erdira murriztuko dela.
“Mundu osoan 800 milioi lagunek baino gehiagok goseteak jasaten dituzte. Hala eta guztiz ere, Europan elikagai kantitate ikaragarria xahutzen jarraitzen dugu. Produkzio- eta kontsumo-eredu hori aldatu egin behar da, eta horretarako funtsezkoa da herritarrek errealitatea aurrez aurre ikus dezatela. Bazkari herrikoi hori, xahuketara bideratutako elikagaiekin, froga grafiko paregabea da gure eguneroko bizitzan zerbait gaizki egiten ari garela eta gure produzitzeko eta kontsumitzeko modua aldatu behar dugula ohartzeko”, adierazi du taldeko zinegotzi Oscar Fernándezek.