Gasteizko baliabiderik gabeko pertsonak kanporatzeko baleetan % 80ko igoera izan dela salatzen dugu

  • 2017an guztira 1.268 bale entregatu dira, eta 2016an, ordea, 695 entregatu ziren.
  • Fernández: “Gizarte Larrialdietarako Zerbitzutik, baliabiderik gabeko pertsonak gure hiritik kanporatzen jarraitzen dute”.

IRABAZI-GANAR (IU/EQUO Berdeak) udal-taldearen bozeramaile Oscar Fernándezek iaz jadanik salatu zuen Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuan (UGLZ) abusuak zeudela Gasteizera iristen ziren baliabiderik gabeko iragaitzazko pertsonekin. Gizarte Politiken arloko zinegotzi ordezkari López de Munain jaunak egoera hori ez zela gertatzen ari adierazi zuen arren, Sailaren 2017ko memoriaren datuak adierazgarriak dira. 2017an guztira 1.268 bale entregatu dira bidaia ordaintzeko, eta 2016an 695 bale entregatu ziren (horrek % 80ko igoera dakar aurreko urtearekin alderatuta).

Fernándezek berriz ere adierazi duenez, “iragaitzazko pertsonek Harrera Sozialerako Udal Zentroan (HSUZ) 3 egunez egoteko eskubidea dute, euren egoera balioesteko. Ez da onargarria erregelamenduari jarraikiz jardun beharrean dirua entregatzen jarraitzea (8 euro) iragaitzazko pertsonek autobus-bale bat eros dezaten eta Gasteiztik alde egin dezaten, inolako baloraziorik eta gizarteratze-ibilbiderik hasi gabe.” “Datuak ikusita, berretsi dezakegu Gizarte Larrialdietarako Zerbitzutik baliabiderik gabeko pertsonak gure hiritik kanporatzen jarraitzen dutela”, salatu du zinegotziak.

IRABAZIk berriz ere exijitu du jardun-protokolo hori ezabatzea eta Gizarte Zerbitzuen Legean eta Udal Prestazioen Ordenantzan ezarritako helburuak bete daitezela. “Bale horien abusua ez da hiri solidario baten dinakoa. Helburu bakarra baliabiderik gabeko pertsonak gure hiritik botatzea da. Onartezina da existitu beharko ez lukeen zerbaiti oraindik ere eustea. Zinegotzi ordezkariari berriz ere eskatzen diogu egoera hori berehala amai dezala eta Gasteizen kalteberatasun-egoeran dauden pertsona guztiak modu egokian artatzea”, adierazi du Oscar Fernándezek.