- Alderdi berdearen ustez obskurantista ari da izaten Nuclenor enpresaren jarduna, inguruko udalei planari buruz bidali dien informazioa ez baitu partekatu prozesuarekin adi dauden talde politikoekin batera
- Ez da ezer ere jakin, halaber, plantako hondakin arriskutsuen kudeaketari buruz, eta hori bideratu beharreko puntu urgenteetako bat da, kutsadura-arrisku potentziala dela eta
EQUOk eskatzen du Garoñaren eraispena arintzea, behin eraispen hori 2019ko bigarren seihilekoan hasiko dela jakinda, inguruko udalek jakinarazitako informazioen arabera. Zehazki, Tobalina Haraneko alkatetzak zabaldu duenez, planaren idazkuntza amaitzen ari da Nuclenor enpresa, eta enpresak uste du nahitaezko baimenak jaso ahalko dituela 2019ko lehenengo hilabeteetan, baimen horien artean Segurtasun Nuklearreko Kontseiluarena eta ENRESA Empresa Nacional de Residuos konpainiarena egongo direlarik. Horrela dago jasota plantaren enpresa jabeak berak eraginpeko udalerriei helarazi dien komunikazioan.
Alderdi ekologistaren ustez, eraispen-prozesuari hasiera emateko aurreikusitako aldiak oraindik gehiago luzatuko dira, ez CNSk ez ENRESAk ez baitute ezagutzen oraindik idazkuntza-prozesuan dagoen planaren edukia, eta ez dute eduki hori ez aztertu, ezta balioetsi ere. Horregatik, uste du ezin dela denboran gehiago luzatu eraispen-faseen hasiera. “Zentrala itxiko zela iragarri zenetik urtebete igaro ondoren, idatzi gabe dago oraindik eraispen-proiektua. Ezin da gehiago luzatu. Badakigu denbora behar duten prozesuak direla, lan zorrotza eskatzen dutela guztiaren gainetik segurtasuna bermatu behar delako, baina aldi berean beharrezkoa da prozesu horiei epe onargarri batzuetan ekitea”, azpimarratu du EQUO taldeko kobozeramaile Juantxo Lopez de Uraldek.
Ildo horretan, Nucleonor enpresak bere jardunean darabilen obskurantismoa kritikatzen du alderdi berdeak, prozesuarekin adi dauden talde politikoekin batera ezer partekatu gabe aurreratu baitie informazioa enpresak eraginpeko udalei.
Ez da ezer ere jakin, halaber, plantako hondakin arriskutsuen kudeaketari buruz, eta hori bideratu beharreko puntu urgenteetako bat da, uraren, lurzoruaren eta atmosferaren kutsadura-arrisku potentziala dela eta. Puntu honetan, zentral nuklearrak ixteari ekiteko gobernuak bideratu beharreko arazo nagusietako bat dirurik eza dela gogorarazi du Lopez de Uraldek, behin zentralen bizitza baliagarria luzatuko ez dela ziurtatu den honetan. “Hainbat sektorek gizartea konbentzitu nahi izan dute zentral nuklearrak merkeak direla esanez, baina ez da egia. Industria nuklearrak uzten digun beste zor bat da eraispenaren kostu handia. Garoñan estimazioaren arabera 350 milioi euro dira eta ixteko dauden zazpi zentraletan 13.000 milioi, eta horri hondakinen kudeaketaren kostua gehitu behar zaio, kostu kalkulaezina. Eta estatuaren aurrekontu orokorretan ez dago helburu horretarako kontsignatutako partidarik.”
Prozesu horiei buruzko Kongresuko Energia Batzordearen txostenak azpimarratzen du jada beharrezkoak diren lege-aldaketak bultzatzeko premia, besteak beste kostuen estimazio zuzena biltzen duen eraispen-proiektuen finantzaketa-sistema bat ezartzeko.