Bilboko kontzertuen programazioan emakumeen presentzia handiagoa izatea defendatzen dugu

Aste Nagusiko kontzertuetan nahiz Bilbao BBK Live jaialdiko kontzertuetan emakumeen kopuruak oso txikia izaten jarraitzen du, eta horregatik UdalBerri – Bilbao en Común taldeak neurri zuzentzaileak eskatzen ditu

Ahal Dugu, Ezker Anitza – IU eta Equo Berdeak alderdiek osatutako taldeak, hirian egindako musika-ekitaldietan, eta bereziki Aste Nagusiko eta Bilbao BBK Live jaialdiko kontzertuetan emakumeen presentzia oso txikia zuzentzeko neurriak har daitezela eskatuko du iraileko osoko bilkuran.

Aurten, berriz ere, Aste Nagusiko zuzeneko emanaldietan gizonezko artisten eta emakumezko artisten arteko desoreka argia dago. Abandoibarrako, Europa Parkeko eta Plaza Berriko programazioari begiratzen badiogu, ikus dezakegu soilik hiru emakume bakarlari daudela, eta taldekideen artean emakumeren bat duten hiru talde besterik ez. Aitzitik, gizonezko bakarlariek edota soilik gizonez osatutako taldeek emango dituzten zuzeneko emanaldiak 20 izango dira.

“Udalak kontzertu-kartel paritarioa kontratatzeko betebeharra eta erabateko ahalmena du, hiriko musika-eszenatokietan emakumeek eta gizonek protagonismo berdina izan dezaten. Gauzak aldatzeko borondate politikoa beharrezkoa da, eta borondate horren adibideak baditugu aldaketaren alde egin duten gobernuetan. Bartzelonan, Ada Colau alkatea den hirian, Mercè jaietako programazio musikala paritarioa izango da aurten eta 174 taldetatik 80tan emakumeen presentzia egongo da. Beste adibide bat, A Coruñan daukagu Noroeste jaialdian, 87 taldek hartu zuen parte, eta emakumeak zeuden erdi baino gehiagotan”, adierazi du UdalBerri-Bilbao en Común taldeko bozeramaile Carmen Muñozek.

Koalizioaren ustez gure gizartean matxismoa arazo estrukturala da, eta horregatik horri aurre egiteko eta ezabatzeko erantzukizuna guztiona da. Beraz, sektore publikoak nahiz sektore pribatuak eta herritarrek oro har, gizartearen eremu guztietan berdintasuna eta ekitatea ziurtatzeko erantzukizuna dute, baita musikaren sektorean ere, udal-talde honen ustez.

Ildo horretan, UdalBerriren proposamenak era berean Udalari eskatzen dio Bilbao BBK Live jaialdiaren kartela parekotasunera bideratzea, urtero egiten duen ia milioi eta erdi euroko ekarpenaren truke. Izan ere, jaialdi arrakastatsu horren datu objektiboak aztertuz, ikus dezakegu azken edizioan emakumeen presentzia oso txikia izan dela programazioan; balantzea, hain zuzen ere, 200 gizon eta 40 emakume izan da, guztizko ordezkaritza % 16koa izanik.