- Arrantzaldi honetan, aurrekoan ez bezala, Eusko Jaurlaritzak ez du oztopatu hegaluzeen harrapaketa pelagikoen lehorreratzea eta lehenengo salmenta.
- “Premiazkoa da neurriak hartzea baxurako artisau-flota arraste-ontzi pelagiko frantziar eta irlandarrek egiten duten lehia desleialaren aurka babesteko, gure arrantza-baliabideen agortzea eragiten duelako eta gure arrantzaleak hondamendira eramaten dituelako”, Jose Ramon Becerra legebiltzarkideak azpimarratu duenez.
Galdera-sorta bat erregistratu du Elkarrekin Podemos koalizioak bere barruan biltzen duen EQUO Berdeak taldeko Jose Ramon Becerra legebiltzarkidearen bidez, arrantzaldi honetan euskal portuetan erregistratutako arraste-ontzi pelagikoetatik eratorritako hegaluze-deskargei buruzko galderekin. Iaz, 2017an, gobernuak oztopatu egin zuen hegaluze-harrapaketa pelagikoen lehorreratzea zein lehenengo salmenta, eta aurten, aitzitik, ez du berdin jokatu. Horrek egonezina eta kezka eragin du euskal flotaren artean, batez ere baxurako flotan, ikusten baitute hegaluzearen biziraupena arriskuan dagoela ontzi frantziar eta irlandarrek arraste pelagikoa erabiltzen jarraitzen badute.
Bestalde, Elkarrekin Podemosek uste du jarduera hori lehia desleial argia dela euskal flotarako. Ontzi horien deskargek hegaluzearen prezioaren jaitsiera eragin dute eskaintza handiagoaren ondorioz, “eta hori nabaritu egin da lonjan ordaindutako prezioetan, 2017koen azpitik egon baitira”, ohartarazi du Jose Ramon Becerrak. Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearen ustez, premiazkoa da neurriak hartzea baxurako artisau-flota arraste-ontzi pelagiko frantziar eta irlandarrek egiten duten lehia desleialaren aurka babesteko, “Gure arrantza-baliabideak agortzen ari dira eta gure arrantzaleak hondamendira eramaten dituzte”.
Horregatik guztiagatik, Becerrak kritikatu egiten du arrantzaldi honetan arraste-ontzi pelagikoen deskargak direla-eta Eusko Jaurlaritzak izandako jarrera biguna eta gobernuari galdetu dio zer asmo dituen hegaluzearen 2019ko kanpainarako, horrelako gertaerak errepika ez daitezen.
Ildo horretan, Becerrak zalantzan jarri ditu, halaber, hegaluze pelagikoaren deskargetan aplikatzen diren kontrol-neurriak hegaluze hori “hegaluze” jatorrizko izendapenarekin saldua izan ez dadin: “Zein izan dira uda honetan Ondarroan deskargatutako hegaluze pelagikoko loteak erosi dituzten euskal kontserba-enpresak?
Azkenik, Becerrak gobernuaren iritzia jakin nahi du hegaluzearen arrantzaldia modu goiztiarrean ixteari buruz, ea exekutiboak loturarik ikusten duen arraste-ontzi pelagikoen jardunaren eta uztailean harrapaketak gehitu izanaren ondoriozko hegaluzearen arrantzaldiaren ixte goiztiarraren artean.