PNV-PSE gobernuak ez du bere konpromisoa betetzen Donostian txalet berezien eraispenak saihesteko

Irabazi Donostia udal-taldeko (Ezker Anitza-IUk, Equok eta independenteek osatutako plataforma da) Loïc Alejandro zinegotziak salatu du EAJk eta PSEk osatutako udal-gobernuak ez duela konpromiso nahikoa erakusten txalet berezien eraispena saihesteko.

Ekainean, Irabazi Donostiak aurkeztutako mozio baten lehen puntua onartu zuen Donostiako Osoko Bilkurak: “Eraikitako Hirigintza Ondarearen Plan Bereziaren berrikuspena amaitu arte, Donostiako Udaleko Osoko Bilkurak udal-gobernuari eskatzen dio bere eskueran dituen legezko erreminta guztiak erabil ditzala, betiere udalari kalterik eragin gabe, txalet, baserri, gotorleku edo industria-nabeei buruz agindutako lau azterlanetan ageri diren eraikuntzen edo eraikuntzen zatien eraispenak saihesteko, baita izapidetze-fasean dagoen Eraikitako Hirigintza Ondarearen Plan Bereziaren aldaketan jasotako alegazioetan bildutakoenak ere.”

Hori gorabehera, toki-gobernuak Jaialai 4 zenbakian dagoen Ramon Cortazarrek egindako Villa Eugenia txaletaren eraispenari baiezkoa eman diola jakin izan du Irabazi Donostiak”. “DONOSTIAKO TXALETEN INBENTARIOAN” ageri da txalet hori, Eraikitako Hirigintza Ondarearen Plan Berezia berrikusteko markoaren barruan udaleko gobernu-taldeak berak agindutako azterlanean, berrikuspen horretarako lan-oinarri bat izateko. “Deigarria da, azterlan honetan identifikatutako txaleten eraispenak saihesteko soluzioak bilatzeko premia ontzat eman eta hilabetera, gobernuak Villa Eugenia txaletaren eraispena baimentzea. Hori gutxi balitz, haren lekuan beste hotel bat eraikitzea planteatzen da”, Alejandrok azpimarratu duenez.

Irabazi Donostia koalizio barruko EQUO Berdeak taldeko zinegotziak kritikatu duenez, EAJren eta PSEren ondarearen defentsa “azalekoa da; esaten dutena eta egiten dutena ez da koherentea, eta ez dute azalpenik ematen”.