Garoñako eraiste-lanei buruzko informazioa eskatzen dugu, behin betiko ixtea iragarri zenetik urtebete baitaramagu Gobernuak inolako azalpenik eman gabe

  • López de Uralde kobozeramaileak informazio-eskaera bat erregistratu du Kongresuan, Enresa hondakin erradioaktiboen enpresa publikoak eraiste-lanetan egindako aurrerapenei buruzko informazioa eskatzeko, baita CSNaren nahitaezko txostenari eta egikaritzeko epeen kalkuluei buruzko informazioa ere

Juantxo López de Uralde kobozeramailearen bitartez, EQUO alderdiak kezka agertu du Santa María de Garoñako zentral nuklearraren eraiste-prozesuaren inguruan hamaika galdera eta zero ziurtasun daudelako, behin betiko itxiko zela iragarri zenetik urtebete igaro den honetan.

Alderdi berdeak ohartarazi du herritarren osasunarentzat eta ingurumenarentzat arriskutsua dela hondakin erradioaktiboek Burgoseko eremu horretan jarraitzea, ura, lurzorua eta atmosfera kutsatzeko arrisku potentziala dagoelako. Oraingoz, zentrala itxiz geroztik 12 hilabete igaro diren arren, ez dakigu ezertxo ere material erradioaktibo horren etorkizunari buruz. Alderdi ekologistak salatu duenez, eraiste-prozesua ez da oso argia izaten ari eta, gainera, hondakin nuklearren tratamenduan ez dira Europako segurtasun-betebeharrak betetzen ari, goi-mailako jarduerako hondakinen behin betiko biltegiratzeko aukeren hornidurari dagokionez. Garoñan daude oraindik, eta ez dakigu, oraingoz, ez non eta ez nola kudeatuko diren.

EQUOko kobozeramaile eta Unidos Podemoseko diputatuak informazio-eskaera bat erregistratu du Kongresuan, galdera horiek guztiak argitzeko asmoz. Uraldek Gobernuari galdetu dio ea Enresa hondakin erradioaktiboen enpresa publikoak jada itxi duen eraiste-lanei ekiteko proiektua; halaber, CSN Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren nahitaezko txostenari eta egikaritzeko epeei buruzko informazioa ere eskatu dio. “Onartezina da urtebete igarota oraindik ere inolako azalpenik ez jaso izana eraiste-lanak nola egingo diren, hondakinekin zer egingo den eta hori guztia nola ordainduko den argitzeko”, kritikatu du.

Diputatuaren ustez, nuklearrak ixteko dirurik ez izatea da Gobernuaren arazo nagusietako bat, zentralaren bizitza baliagarria ez dela luzatuko bermatu ostean. Kongresuko Energia Batzordeak prozesu horiei buruz egindako txostenean jada nabarmendu zen legean aldaketak egin beharko direla eraiste-proiektuak finantzatzeko sistema bat ezartzearren, eta neurrietako bat kostuen kalkulu zuzena egitea izango litzateke, besteak beste.

Bestalde, administrazio eskudunak prozesuan inplikatu behar dira eta eraiste-lanen eraginpean geratuko diren langileei ez ezik, eskualde osoari ere babesa eman behar zaie. Ildo beretik, tokiko taldeek proposatutako Zentralaren eragin-eremua Dinamizatzeko Plana aztertu behar dela aldarrikatu du EQUO alderdiak, eraginpeko 14 udalerriren eskaerari jarraikiz; udalerri horien artean daude Arabako Lantaron eta Gaubea.  “Ezin dugu jende hori guztia babesik gabe utzi; erakundeek babesa adierazi eta eman behar diete, eta ingurua biziberritzen lagundu behar dute” nabarmen du EQUO Berdeak alderdiko kobozeramaile Erika Martínezek