Irabazi Donostia (Ezker Anitza-IU, EQUO Berdeak eta independenteek osatutako plataforma), udal-taldeko zinegotziek 2010eko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) “patchwork” gisa kalifikatu dute, eta euren ustez planaren aldaketa ugariek “ez diote erantzuten hiriaren interes orokorrari”, aldaketak sustatzen dituztenen interesari baizik. Horregatik ahal bezain laster berrikusteko eskatuko dute mozio baten bitartez Donostiako hurrengo osoko bilkuran.
Loïc Alejandrok gogorarazi du HAPOa udalerriko lurraldearen antolamendu integralerako oinarrizko tresna dela, eta haren bitartez bertako erabilerak erabakitzen direla: zer espazio gordetzen diren etxebizitzak egiteko, zer espazio berdegunetarako, edota industria edo merkataritza-jarduerak non kokatzen diren. Alejandrok dioenez, indarrean dagoen HAPOa 2010ean onartu zenetik, haren 17 aldaketa izapidetu dira edo izapidetzen ari dira, hau da, aldaketa bat sei hilero, horien artean Garbera, Illarra edo Belartza 2 egonik, eta Aldakonearako iragarri den azkena edota Easoko trenbide-zabalgunean egingo dena ahaztu gabe. “Desbideratze horrek agerian uzten du berrikuspena egitea premiazkoa dela, izapidetze-prozesuan dauden aldaketak barne”.
Aldakoneako HAPOaren berrikuspenari dagokionez, Alejandrok adierazi du bere taldeak “zalantza handiak” dituela EAJ eta PSEren udal-gobernuaren benetako asmoei dagokienez. “Zaila egiten zaigu proiektu hau benetan interes orokorrerako dela sinestea. Proiektatuta dauden 300 etxebizitzetatik, etxebizitza publikora legez ezarrita dagoen gutxienekoa bakarrik (% 40) bideratuko da, hau da, 120 etxebizitza. Horren ondorioz, susmoa dugu Kutxa Fundazioak dirua irabazteko planifikatuta dagoela”.
Era berean, Irabazi koalizioan EQUO Berdeak taldeak duen zinegotziaren ustez 2010eko HAPOa “jadanik ez da koherentea” udalaz gaindiko beste antolamendu-tresna batzuekin, adibidez Euskadiko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekin edota Lurralde Plan Partzial eta Sektorialekin. Donostiako Klima 2050 Ekintza Planak edota Klima Aldaketara Egokitzeko Udal Planak ere planteatzen dituzten neurrien ondorioz HAPOaren berrikuspena beharrezkoa da.