Gaur, ekainak 28, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna, LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzeko lege eraginkorrak erreklamatzen ditugu, eta erakundeek eta gizarteak sexu-orientazioagatiko eta genero-identitateagatiko gorrotoa lehentasun handieneko gaitzat onartzeko premia azpimarratzen dugu. Mugimendu sozial eta politikoak bultzatzen ari diren LGTBIfobiaren aurkako borrokarekin jarraitzearen garrantzia azpimarratzen dugu EQUOtik eta EQUO LGTBI+ Saretik, baita gure gizartean dagoen aniztasuna ageriko egiten jarraitzearen garrantzia ere, sexu- eta genero-identitate askotarikoak pertsona guztientzako aberastasun gisa ulertuta.
Trans Errealitateen aitorpena nabarmendu nahi dugu 2018 honetan. Aurreko astean Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenaren eguneratze berrian Osasunaren Mundu Erakundeak despatologizazioaren alde eman duen pausoa txalotzen dugu. Aldaketa positibo horiek gorabehera, transexualitatearen erabateko despatologizazioan aurrera egiten jarraitu behar dugu, inkongruentziatzat sailkatzeari utzi eta giza aniztasunaren adierazpide gisa sailkatuta. Gainera, uste dugu beharrezkoa dela binarismoari buruzko debatea zabaltzea, errealitate ez-binarioaren aitorpenean aurrera egiteko eta gaur egun dagoen gizartearen ikuspegi dikotomikoa gainditzeko.
Bestalde, mundu osoan zehar gertatzen diren LGTBI pertsonen giza eskubideen urraketek zer pentsa eman beharko ligukete, duela 49 urte Stonewallen masiboki hasi genuen borroka bultzatuz. Gure eginbeharra da botere publikoei eskatzea erantzun irmo eta eraginkorra eman dezatela indarreko zisheteroarauaren arabera arautzen diren identitateen jazarpenaren eta penalizazioaren aurrean. Testuinguru horretan, jazarpenaren eta LGTIfobiaren amaiera eskatzen dugu, eta benetako berdintasuna eta LGTBI eskubideen defentsa ahalbidetuko duten lege eraginkorrak egitea.
Aurrera egin dugu nabarmen LGTBI eskubideen aldeko ia 50 urteko borroka honetan. Legearen babespean agintariek gu jazartzetik legedian babes esplizitua izatera igaro gara. Dena den, oraindik bide luzea dugu egiteko eskatzen dugun errespetua, aitorpena eta berdintasuna lortzeko, gure borrokak gure ahizpa feministekin eskutik hartuta joan behar duela jabetuta betiere.
Konturatu beharra daukagu, eskubideen aitorpenean eta gizarte-errespetuan aurrera egiten dugun neurrian, zapalkuntza modu berriek mehatxatzen dutela gure borroka. Horregatik, EQUOtik eta EQUO LGTBI+ Saretik aitortzen dugu LGTBI+ eskubideen aldeko borrokak elkargune-ikuspegi bat hartu behar duela betiere, diskriminazio anizkuna eragiten duten faktoreak kontuan hartuta eta egitura patriarkal kapitalistek gure borroka edozein modutan bere egitea baztertuta.
Azkenik, aurten ere, EQUOk eta EQUO LGTBI+ Sareak Harrotasuna aldarrikatzen dugu LGBTI+ kolektiboa nabarmentzeko eta LGTBfobiaren aurka borrokatzeko tresna gisa. Errespetua eta bizikidetza oinarri dituen gizarte bat, pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen eta askotarikoa den gizartea eraikitzeko Harrotasuna.