-
Gaur aurkeztu du Bilbon alderdi berdeak “Aldaketarako Proposamen Berdeak 2019rantz” programa markoa udal- eta foru-hauteskundeei begira
-
Gizarte-arloan, ekonomia-arloan eta ingurumen-arloan hiri eta herri jasangarriak lortzera bideratuta daude proposamenak
EQUO Berdeak taldeak larunbat honetan aurkeztu du programa markoa 2019ko udal- eta foru-hauteskundeei begira.
10×10 “Aldaketarako proposamen berdeak 2019rantz” programa hainbat hilabetez egongo da irekita herritarren premia eta kezkekin osatzeko, beste zenbait alditan ere erabili izan duen parte-hartze metodologia erabilita, horixe baita alderdi ekologistaren ezaugarrietako bat.
Gizarte zibilaren parte-hartzea eta erabakiak hartzeko gaitasuna ezartzen da programaren ardatz egituratzaile gisa. Planteatutako proposamenek udal eta batzarrak erakunde ireki, hurbileko, garden, partizipatibo eta eredugarri bihurtu nahi dituzte, herritarrak ahaldunduko dituzten erakundeak lortzeko, administrazioarekin lankidetzan aritzeko elkarlaneko herritarren arteko aliantzak sortzeko aukera ahalbidetuta eta sustatuta.
“Hauxe da politika ulertzeko eta egiteko dugun modua, prozedura berriak dira gizarte zibilak bizitza politikoan modu aktiboan parte har dezan. Formulak ezarri nahi ditugu herritarrek eskuz esku lan egin dezaten zinegotzi eta batzarkideekin erabakiak hartzeko, beren udalerri-ideia garatu eta sortu dezaten, eta elkarrekin aurrera egiteko gizarte- eta ingurumen-arloan jasangarriak diren hiri eta herriak lortzeko”, adierazi du EQUO Berdeak taldeko kobozeramaile Erika Martínezek.
Esparru guztietan zeharkakoa den programa bat da, alderdi berdearentzat lotura eta erlazio bat baitago gizarte-arloaren, arlo ekonomikoaren eta ingurumen-arloaren artean.
10×10 “Aldaketarako proposamen berdeak 2019rantz” programa markoa hamar ataletan banatzen da, garatu beharreko hamar proposamenekin. Udalerri osoa hartuta, besteak beste, herritarren mugikortasun jasangarrirako eskubidea biltzen da, eta horrekin batera 30 kilometro orduko hiriak, eta txartel eta tarifa bakarra garraiobide guztietarako; hiri-berroneratzea, erabiltzen ez diren industriagune eta hiriguneak erabilera mistoko eremu bihurtzea, eta hutsik dagoen etxebizitzaren mobilizazioa alokairua gehitzeko; ekonomia zirkularraren bultzada irmoa (murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea: zero zabor); elikagaien produkzioa eta tokiko kontsumoa; berdintasuneko politika aktiboak udalerri feministentzat eta LGTBI+ pertsonak ageriko egitearen aldeko udalerriak. Animalien eskubideetan aurrera egitea ere bai.
Foru-arloari dagokionez, beste zenbait neurriren artean, nabarmentzekoak dira zerga-esparru berriaren diseinua gastu publikoei eusteko, zergetan progresibitatearen eta ahalmen ekonomikoaren printzipioak kontuan hartuta, edo biodibertsitatearen babesarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin bateragarriak diren nekazaritza-jarduera, baso-jarduera eta arrantza-jardueren aldeko apustua.
“Programa marko hori oinarritzat hartuta, udalerri eta lurralde bakoitzean dagokion errealitatera egokitu behar ditugu ekologia politikotik planteatutako proposamenak herritarren arazoei erantzun baliagarriak emango dizkieten neurrien multzo bat zehazteko”, adierazi du Ramón Sánchez kobozeramaileak.
Zenbait zerbitzuren kudeaketa publiko eta zuzenekoaren kontrola berreskuratzea azpimarratzen da programan, hiri barruko garraio publikoarekin hasi eta hondakinen bilketarekin edo gizarte-zerbitzuekin buka.
Hainbat ordezkari izan dira EQUO Berdeak taldeko tokiko hautetsiei beren babesa eskainiz programaren aurkezpenean, hala nola EQUO taldeko kobozeramaile eta Unidos Podemos koalizioan Arabako diputatu Juantxo López de Uralde eta Unidos Podemos koalizioan Bizkaiko diputatu Rosa Martínez, baita Europako Berdeen zenbait ordezkari ere, esaterako, Sophie Bussière, Europe Ecologie – Les Verts alderdiko bozeramailea Ipar Euskal Herrian edo Bernad Van Nuffel, Belgikako Jette hiriko alkatea.