Elkarrekin Podemosek Bilboko metroaren 5. linearen eraikuntzarako epeak eta aurrekontua erreklamatuko ditu

  • “Jaurlaritzak obrak iragartzen ditu, eperik eta aurrekonturik finkatu gabe, bere buruari publizitatea emateko, eta ez ditu herritarren benetako mugikortasun-arazoak konpontzen. Aski da!”, salatu du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Joserra Becerrak

Elkarrekin Podemosek Bilboko metroaren 5. linearako aurrekontu-plan bat eta exekuzio-egutegi bat erreklamatuko ditu Galdakao eta Basauriko udalerrietako osoko bilkuretan, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean.

Bilboko Metroaren 5. linea 2006an iragarri zen proiektu bat da, baina denboran atzeratzen joan da eta gaur egun oraindik ere ez dago martxan jartzeko data bat ezarrita, Basauriko, Galdakaoko eta inguruko eskualdeetako herritarrek behin eta berriz eskatu duten arren.

Horregatik, Elkarrekin Podemosek erakundeei eskatzen die metroaren 5. linearen obren aurrekontu-plan bat eta hasiera- eta amaiera-egutegi bat adostu dezatela, eta era berean eskatzen zaie Sarratuko geltoki intermodalaren proiektuari eustea, Galdakao Orainek, Galdakao Bizirikek y Basauri Baik haien udaletan erreklamatzen duten moduan.

“Jaurlaritzak obrak iragartzen ditu, eperik eta aurrekonturik finkatu gabe, bere buruari publizitatea emateko, eta ez ditu herritarren benetako mugikortasun-arazoak konpontzen. Aski da!”, salatu du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Joserra Becerrak, eta gaia osteguneko osoko bilkuran azalduko du.

Gainera, asteazkenean Bizkaiko Batzar Nagusietako Ahal Dugu Podemos Talde Batzarkideko Nuria Atienzak Ahaldun nagusi Unai Rementeriari galdetuko dio bere gobernuaren lehentasunak zeintzuk diren garraioaren eta azpiegituren alorrean.

“Dirudienez gobernuak garraio pribatuarentzako soluzioetan inbertitzen du, baina berez, lantzen ari diren Bizkaiko Azpiegituren 2018-2028 Plan Estrategikoan herritarrak aspaldidanik eskatzen ari diren azpiegiturak sartu beharko lituzke, adibidez metroaren 5. linea”, adierazi du Atienzak.

Bestalde, Gobernuak Bizkaian garatuko diren bi mega azpiegitura iragarri ondoren (Lamiakoko ibai azpiko tunela eta Supersur errepidearen luzamendua), Atienzak erreklamatuko du kostu-balantze bat eta ingurumen-inpaktuko txosten bat egitea, besteak beste, altxor publikoentzat duen inpaktua balioesteko.