- Euskal erakundeei eskatu die erleentzat toxikoak diren substantzien erabilera murrizteko edo bertan behera uzteko, Europar Batasunak hartu berri dituen erabakien ildo beretik
EQUO Berdeak alderdiarentzat, premiazkoa da erle-populazioen beherakadari buelta ematea, biodibertsitatea mantentzean eta elikagaien produkzioan oso zeregin garrantzitsua betetzen dutela aintzat hartuta. Intsektu horiek hainbat mehatxuri egin behar izaten diete aurre: erleen ustiategietako parasito eta gaixotasun ugariak; espezie inbaditzaileen —Asiako liztorra, adibidez— hedadura, edo klima-aldaketak gure ekosistemetan eragiten dituen ondorio gero eta nabariagoak. Alabaina, pestizida jakin batzuen —neonikotionideak, esaterako— erabilerak eta nekazaritza intentsiboaren jardunbide jakin batzuek zeresan handia dute heriotza-tasa izugarri igotzean. Ildo horretan, EQUO Berdeak alderdiak txalotzen ditu EBk substantzia horietarako onartu berri dituen murrizketak, eta Euskadik neurri horiek babes ditzala eskatzen du, Europak ezarritako ildo beretik.
Horregatik, Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkide José Ramón Becerraren bitartez, erleak babesteko deklarazio instituzional bat bultzatu du. “Erleak eta beste intsektu polinizatzaile batzuk —tximeletak, adibidez— desagertzea, tragedia ekologikoa ez ezik, arazo ekonomiko eta sozial larria ere bada. Horregatik ahalegindu naiz Eusko Legebiltzarrak erleak babestearen aldeko jarrera har dezan. Eta bide batez talde guztiei eskerrak eman nahi dizkiet deklarazio instituzional hau babestearen alde azaldu direlako” nabarmendu du legebiltzarkide berdeak, 24ko (osteguna) ohiko osoko bilkuran onartuko den testuaren aurkezpenean.
Deklarazio horren arabera, gai horretan eskumenekoak diren euskal erakundeei espresuki eskatzen zaie erleak salbatzeko ekintza-plan integralen bitartez jardun dezatela, eta substantzia toxiko jakin batzuen —fipronila edo neonikotinoideak, esaterako— erabilera murrizteko edo bertan behera uzteko neurriak har ditzatela.
Euskal erakundeei, enpresei, nekazariei eta kontsumitzaileei deialdi bat egiten zaie, halaber, bakoitzak bere eskumenetik eta bere jardun-eremuaren baitan, ingurumena errespetatuko duen nekazaritza-eredu baten aldeko apustu irmoa egin dezatela, Euskadin biodibertsitatea mantentzearen mesedetan.