Alejandrok Donostiako Gobernua presatu du: “Presakoa da Ulia mendiaren kudeaketa-plan bat egitea”

Loïc Alejandro EQUO Berdeak alderdiak Irabazi Donostia udal-taldean duen zinegotziak, Ulia mendiaren kudeaketa-plan bat berehala martxan jartzea erreklamatu du, naturagune horren babesa bermatzeko.

Zinegotzi berdearen ustez Ulia mendiaren Plan Bereziaren izapidetzean dagoen atzerapenaren arrazoia zera da, “EAJ eta PSEren udal-gobernuak borondate politikorik eta benetako interesek ez duela”. Era berean, Alejandrok gobernua kritikatu du duela bost hilabete Kudeaketa Plan baten idazkuntza iragarri zuelako, hori onestea Plan Berezia onestea baino errazagoa izanik, baina “tamalez, gaurko egunean, horri buruzko berririk gabe jarraitzen dugu, eta hondakin-isurketak, pintadak eta baimendu gabeko ibilgailu-sarrerak egiten dira”.

Udal-taldetik gogorarazten dute gune horri lotutako ekimen asko erregistratu direla, adibidez: dagokion Plan Berezia izapidetzeko eskaera, zaintza eta garbiketa handitzeko eskaera, edota baimenduta eta debekatuta dauden erabilerei buruzko seinaleak ipintzeko erreklamazioa. “Aurkeztu diren ekimenen helburua, mendiaren babesa eta herritarrek gune hori gozatu ahal izateko aukera bateragarri egitea da”, adierazi du.

Ulia mendiaz gozatzen duten pertsonei dagokienez, Irabazi Donostiako zinegotziak gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera 110.418 lagunek zeharkatu zutela Uliako Talaia Bidea 2017an, batez beste 303 pertsona egunero. Alejandroren ustez, zifra horiek “argi uzten dute herritarrek mendi horrekiko interesa dutela, eta mendiak babes-neurri espezifikoak izatea beharrezkoa dela, lekuaren kalteberatasuna dela medio”.

Hori guztia kontuan izanik, Irabazi Donostiako zinegotziak udal-gobernua berriz ere interpelatuko du Ulia mendiaren Kudeaketa Plana onartzeko aurreikusita dauden epeei buruz, eta planaren idazkuntzan herritarren parte-hartzea erraztuko ote duen galdetuko dio.