- Irabazi Eibar koalizioak uste du lehenbailehen egokitu behar dela harrera-leku bat, eta ezin dela aitzakiarik onartu arazo honi erantzunik ez ematen jarraitzeko
Ezker Anitza-IU eta EQUO Berdeak taldeek osatutako Irabazi Eibar koalizioaren iritziz, behar-beharrezkoa da Gipuzkoako udalerri horretan etxebizitzarik ez duten pertsonentzako harrera-leku bat jartzea berehala. Ildo horretan, koalizioak gaitzetsi egiten du Tokiko Gobernu Batzarrak orain arte izandako jarrera. Izan ere, jarrera zorrotza izan dute arazo horri konponbidea aurkitzeko asmoz Udalaren osoko bilkuretan landu diren proposamenekiko, azken bilkuran berriro ere agerian geratu zen moduan.
Koalizioak saiakera egin zuen beste behin ere harrera-aterpe gisa erabil daitezkeen udal-espazioak baloratzeko proposamena onetsia izan zedin, aurrerago leku horiek martxan jarri eta egokitzeko asmoz. Alabaina, oposizio osoak mozioa aho batez onetsi bazuen ere, Gobernuak ez zuen aurrera egiteko inolako asmorik erakutsi, eta berriz ere agerian geratu zen ez duela “onbiderako jarrerarik”. “Ez dugu aitzakia gehiagorik onartzen arazo hau lehenbailehen ez konpontzeko. Arazoa saihesteko, esaten dute eskualde-mailako estamentuei dagokiela hori konpontzea, baina hori onartezina da. Tamalgarria iruditzen zaigu, halaber, abstenitzeko aukera edukita oposizio osoaren kontra bozkatu izana, kontuan izanik premia biziko gai bati buruz ari garela eta guk alternatiba ugari eskaini dizkiegula, azter ditzaten”, adierazi du Irabazi Eibar koalizioaren barneko EQUO Berdeak taldeko zinegotzi María Jesús Aguirrek.
Bestetik, koalizioak eskatu du berriro martxan jar dadila Berdintasunaren pasealekuko igogailuaren proiektua, barne hartuko duen parke osoaren diseinua izan arte itxaron gabe. “Premiazko zerbitzua da eta ezin da gehiago atzeratu. Urtebete igaro da Jaurlaritzak herritarrei proiektua ‘saldu’ zienetik, titular handiak emanez, baina ordutik ez dugu ezer garbirik jakin proiektuaren exekuzioari buruz”, esan du Aguirrek.