EQUO Berdeak alderdiak Euskadin merkataritza-gune handi berriak zabaltzea debekatzea eskatzen du

  • EQUO Berdeak alderdiak Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG-DOT) Hasierako Onespenerako dokumentuari 94 alegazio aurkeztu dizkio
  • Alderdi ekologistak landa-inguruaren eta nekazaritza-lurzoruen babesa derrigorrezkoa izatea nahi du, eta ez gomendio soil batzuk, eta Gidalerroetan neurri baldintzatzaileak txertatzea proposatzen du

Alderdi berdeak, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG-DOT) proposamenean biltzen den merkataritza-azalera handiak mugatzeko gomendioaren aurrean, Euskadin merkataritza-gune handi berrien irekiera debekatzea proposatzen du. Halaxe azaldu du erregistratutako erantzun sortako -94 guztira- alegazioetako batean.

Alderdi berdearen jarrera hori bere karguek udaletan garatzen ari diren tokiko merkataritza babestu, sustatu eta berreskuratzeko politiken barruan dago. “Merkataritza-gune berrien irekierak auzoko dendei azken kolpea ematea eragingo luke, kontsumo-eredu jasangaitz bat bultzatzeaz gain. Halako politikak EQUO Berdeak alderdiak defendatzen duen elikadura-subiranotasun eta hurbileko merkataritzako estrategiaren antipodetan daude”, adierazi du bere kobozeramaile Erika Martínezek.

Alderdi ekologistak bere alegazioetan zera proposatzen du, landa-eremuaren eta nekazaritza-lurzoruen babesa obligazio bat izatea eta ez gomendio soil batzuk. “Esperientziak esaten digu, nahiz eta landa-inguruaren eta herrietako ohiturak eta kultura kontserbatzearen garrantzia nabarmentzeko mezuak ugariak diren, nekazaritzarako eta abelazkuntzarako lurrak direla urbanizatzeko irrika jasaten duten lehenak”, adierazi du Ramón Sánchez kobozeramaileak. Joera hori saihesteko, EQUO Berdeak taldeak LAGetan arau-aldaketa bat proposatzen du, landa-inguruaren babesa nahitaez bete beharrekoa bihurtzeko, neurri askoz ere zehatzagoak ezarriz, eta ez “sekula betetzen ez diren” gomendio soil batzuk.

Proposamen horrekin, alderdi berdeak lagundu egin nahi du landa-habitataren iraunarazpenean, izan ere elikagaien horniduran, eta euskal ondarearen eta kulturaren zaintzan eta iraunarazpenean zeregin aktiboagoa eduki behar duen ingurua baita. Horrekin loturik, EQUO Berdeak taldeak agroekologia bultzatu nahi du, nekazaritza jasangarria eta enplegu berdea sortzeko metodo gisa.

Ildo horretan, EQUO Berdeak taldeak dagoeneko urbanizatutako lurzoruak birgaitzeari eta berreskuratzeari lehentasuna ematea eskatzen du, landa-lur eta natura-lur gehiago okupatzearen ordez, eta baldintzatzaile bat txertatzea proposatzen du. Honako hau da murrizketa: auzo edo industrialde gehiago eraikitzeko asmoz lurraldea urbanizatu nahi den bakoitzean (lurzoru ez hiritarrean), hiri-lurzoruko azalera bera birgaitu eta berreskuratu beharko da. Formula honekin lurzoruen okupazio berriak ez luke pizgarririk izango eta birgaikuntzaren sektorea sustatuko litzateke, enplegu berdearen zutabeetako bat, alegia.

Alderdi berdearentzat akats larria da dagoeneko abian jarri diren baina hainbat arrazoirengatik oraindik amaitu ez diren naturguneen babeserako prozesuei muzin egitea. Espazio horiek bi dira: Gasteizko Mendiak eta Uribe Kostako Biotopoa. Biek beren babeserako tramitazioari ekin dioten arren, adierazpenak eta dagozkion neurriak atzeratzen ari dira.

Azkenik, EQUO Berdeak taldeak zera eskatzen du, Euskal Hiriaren eredua lehengoratzea eta EAEko lurralde osoaren ikuspegi bateratzailea berreskuratzea. Euskal Hiriaren ikuspegia, hiru hiriburuak gauza bakar bat bezala biltzen dituen eta lurraldearen gainerakoa baztertzen duen ikuspegia, ez da jasangarria ez ingurumenerako ez eta pertsonentzako. “Ikuspegi urbanitaren aurrean, lurraldea askotariko mosaiko gisa baloratu behar da, non elementu guztiek egiten duten ekarpenen bat; hiriek eta herriek nekazaritzarako eta abelazkuntzarako lurrekin; beren mendiekin; beren haran eta ibaiekin, eta hala, elementu guztiak bateratu behar dira pertsona guztien bizitzarako leku duin bat egiteko helburuarekin”.