- Irabazi Gasteizen bidez, Energiaren Tokiko Agentziari eskatzen zaio azter dezala Carmena alkateak lizitatu eta auziegian babesa izan duen kontratua.
Oscar Fernándezek proposamen bat erregistratu du Gasteizko Udaleko Energiaren Tokiko Agentziak azter dezan Madrilgo Udalak Carmena alkatearen gidaritzapean egin duen kontratu energetikoa, kanpoan uzten dituena %100 berriztagarria den energia sortzen ez duten konpainiak. Fernándezentzat ezinbestekoa da bide berri hori aztertu eta Madrilek eginiko urratsei jarraitzea, eredu energetikoa aldatu ahal izateko.
Aste honetan jakin dugunez, Madrilgo Komunitateko Kontratazio Publikoko Administrazio Auzitegiak atzera bota ditu Iberdrolak, Endesak eta Gas Natural Fenosak aurkeztutako errekurtsoak, helburutzat zutenak ezerezean uztea Madrilgo hiriaren komertzializatzaile elektrikoa izateko eskubidea ematen duen lizitazioa. Gatazkaren jatorria Madrilgo pleguetan jasotako kaudimen teknikoen baldintzetan dago: hain zuzen, adjudikaziodunari eskatzen baitio energia berriztagarria soilik saltzea, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) ematen duen A etiketatuaren bidez, zeinak aitortzen baitu konpainiak energia berdea bakarrik saldu duela azken urtean. Baldintza horrek eragotzi egiten die oligopolio elektrikoko enpresa handiei kontratu energetikoaren lehian aritzea.
Gasteizko Udalaren gastu energetikoa 18 milioi eurokoa da urtean, eta erakundearen gastu handienetako bat da. Kontratuaren baldintzetako bat da hornitutako energia guztiak Jatorri Berriztagarriko Ziurtagiria edukitzea, nahiz eta exijitzen den etiketatua Jatorri Berme bat den, konpainia handiek lor dezaketen zerbait, iturri zikin eta kutsatzaileetako elektrizitatea ere sortu izanagatik (ikatza, ziklo konbinatua edo zentral nuklearrak).
Oscar Fernández IRABAZI-GANAR (IU/EQUO) taldeko zinegotziak adierazi duenez, “Gasteizek, Green Capital izanik, eredu izan behar du gainerako hirientzat eredu energetiko berde bat lortzeko ahaleginean. Kasu honetan, Madrilek ate bat zabaldu du, eta gure hiria ezin daiteke atzean gelditu. Bi dira aukerak: pertsonengatik eta pertsonentzat gauzak egiten dituzten hirien multzoan egotea ala beste aldera begira jarraitzea. Ezin dugu aukera hau alferrik galdu”.