- Alderdi ekologistak jakin nahi du Eusko Jaurlaritzaren Ikuskaritza Zerbitzua gertatutakoaren gainean ba ote zegoen Gobernuko Ordezkariordetzatik esku hartu zuten unean
Eguzki talde ekologistak salatu duenez, Ondarroako tretzaontzi batek 20 marrazo harrapatu ditu legez kontra, eta horren harira EQUO Berdeak alderdiak Gobernuari eskatu dio legez kontrako harrapaketa horri buruzko azalpenak eman ditzala.
Zoritxarrez gertaera hau ez da berria. Iaz ere hainbat argazki atera zituzten arrantza-portu horretan bertan, eta argazkietan hainbat marrazo pilatuta ikus zitezkeen, hegalak moztuta zeuzkatenak. Portuko langileak ez ziren gauza izan ale haietako batzuk norenak ziren eta nondik zetozen jakiteko. Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez zuen argitu zer espezietakoak ziren, edo marrazo urdinak, legez harrapa daitezkeenak, edo marrazo muturbeltzak, galzorian egonik babestuta daudenak eta beraz harrapatu ezin daitezkeenak, Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordearen gomendioei jarraikiz.
Oraingo honetan Estatuko Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko funtzionarioak izan dira 20 marrazo muturmotz horiek konfiskatu dituztenak Ondarroako portuko tretzazontzi batean egindako ikuskapenaren ondoren.
Alderdi ekologistak jakin nahi du Eusko Jaurlaritzaren Ikuskaritza Zerbitzua gertatutakoaren gainean ba ote zegoen Gobernuko Ordezkariordetzatik esku hartu zuten unean. Horregatik, Elkarrekin Podemos taldean dugun legebiltzarkide José Ramón Becerraren bitartez informazioa bilduko dugu arau-hauste horien inguruan eta Gobernuak Bizkaiko portuan errepikatu diren gertaera horiei buruz zekienaren inguruan. EQUO Berdeak alderdiak lehenagotik ere salatu duenez, Ertzaintzaren ingurumen-delituen taldeak ez du arau-hauste horiei aurrea hartu eta aurre egiteko behar adina baliabiderik. “Agente horiek beren lana egiteko eskura dauzkaten baliabide material eta teknikoak ez dira nahikoak, ezta jasotzen duten prestakuntza ere”, Ramón Sánchez kobozeramaileak adierazi duenez.