- Egungo proiektuak 3 kilometroko lurperatzea biltzen du, eta kanpoan uzten ditu, besteak beste, Salburua eta Zabalgana auzoak.
- Estatuko Aurrekontu Orokorrei aurkeztutako zuzenketa partzialen artean bilduta daude, halaber, baliabide ekonomikoen eskaera Garoñako zentral nuklearraren eraispena bizkortzeko, Principal Antzokia zaharberritzeko diru-eskaera eta Abiadura Handiko Trena Arabako Errioxatik igarotzearen aurkako eskaria.
EQUOko kobozeramaile eta Unidos Podemos taldeko diputatu Juantxo Lopez de Uraldek Estatuko Aurrekontu Orokorretarako zuzenketa sorta bat aurkeztu du, haien artean aipatzekoa delarik Gasteizko tartean trenbidea osorik lurperatzeko azterketa bat egiteko partida bat bideratzeko eskatzen duen erreklamazioa. Uraldek uste duenez, nahiz eta, antza, lurperatzearen trazadurari buruzko erabakia hartuta dagoela dirudien, Gobernuak azterlan bat egin beharko luke trenbidea osorik lurperatzearen kostuei buruz. “Aukera horri ezin zaio uko egin, arinki. Eskatzen dugu gutxienez azterlan bat aurkez diezagutela baztertu duten alternatibari buruz. Egin duten lurperatze-proiektua obra faraoniko bat da, eta Sustapen Ministerioaren kalkuluen arabera 415 milioiko aurrekontua izango du, Zabalgana, Salburua, San Martín edo Ariznabarra zuzenean kanpoan utziz, horrek eragingo duen auzoen arteko haustura handiarekin. Berriz ere eskatuko dugu lurperatze osoa biltzen duen azterketa bat egin dezatela, planteamendu hori baztertu aurretik”, azaldu du Juantxo Lopez de Uraldek.
Diputatu berdeak aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa partzialen artean Garoñako zentral nuklearraren eraispena bizkortzeko baliabide ekonomikoen eskaera ere biltzen da.
Bestalde, Abiadura Handiko Trena Arabako Errioxatik igarotzearen aurkako zuzenketa bat ere aurkeztu da. EQUOko kobozeramailearen ustez, Abiadura Handiko Trenaren linea hori ez da beharrezkoa, inondik inora. Mahastiak, paisaia eta kultura-ondarea suntsituko lirateke, ardogileen eta turismoaren kaltetan, ezinbestean. “Proiektua aurrera ez eramatea espero dugu, eta ministerioari eskatzen diogu egun Miranda eta Castejón lotzen dituen lineak eskaintzen dituen aukerak azter ditzala. Beste bat egin ordez, egungoa egokitu ahalko litzateke hirugarren hariarekin nazioarteko trenbide-zabalera sartuta”, adierazi du Juantxo Lopez de Uraldek, eta argi eta garbi eskatu du, aldiz, beste bi zuzenketetan, bultzada eman behar zaiela Aguraingo araztegietako obrei eta Basaurbeko eta Markijanako araztegien eta Nerbioi Garaiko herriak bi estazioekin lotuko dituzten kolektoreen obrei.
Zadorra ibaian amaitzen den Gardelegiko zabortegian dagoen lindanoa tratatzeko laguntza-linea bat ere eskatu du, baita Arabako ibaietan uholdeak prebenitzeko III. faserako partida bat ere. Aireportuari dagokionez, Unidos Podemos taldeko diputatu berdearen erreklamazioen ardatz nagusiak honako hauek dira: instalazioak modernizatzea, batetik, eta aireportuaren barruko lurrak bertan enpresa aeronautikoak instala daitezen haien esku jartzea, bestetik. “Forondak ez du barruko lur nahikorik interesatuta egon daitezkeen industriak hartzeko. Ez dago zertan dirua xahutu VIAPa egiteko”.
Kultura-arloan, proposamen bat sartu da gobernu zentralak partida batekin lagun dezan Gasteizko Principal Antzokiaren zaharberritze-lanetan.
Azkenik, Juantxo Lopez de Uraldek bere atsekabea adierazi du EAJk aurrekontu horiei bere babesa eman dielako, “funtzio publikoko langileen murrizketen aurrekontuak direlako, pentsiodunekin inolako konpromisorik agertzen ez dutelako, ingurumenaren aurka doazen kontu batzuk direlako, eta trantsizio energetikotik urruntzen gaituztelako, I+G+Brako partida makalekin eta gazteria erabat ahaztuta. Hori da jeltzaleen konpromiso-maila, beren interesekiko konpromisoa soil-soilik”, kritikatu du diputatu berdeak.