Giza Eskubideen Europako Gutunari atxikitzea eskatzen diogu Udalari

Bilbok beste hainbat hirirekin, adibidez Madril, Stockholm, Dublin, Erroma edo Lisboarekin, bat egin dezala nahi du Udalberri-Bilbao en Común koalizioak.

Maiatzeko osoko bilkuran, Podemosek, Ezker Anitza – IUk eta Equok osatutako koalizioak Bilbo Hiriko Giza Eskubideak Babesteko Europako Gutunari atxikitzeko eskatuko du. Europako hiri askok giza eskubideak sustatzeko egin duten elkarrizketa plural baten emaitza da dokumentu hori.

Tirana, Brusela, Sarajevo, Budapest, Dublin, Erroma, Riga, Vilna, Varsovia, Lisboa, Belgrado, Ljubljana, Stockholm, Istanbul, Madril, Bartzelona, Donostia edo Gasteiz, giza eskubideen errespetua, babes eta bermea tokiko mailan sustatu nahi dituen gutun hori dagoeneko berretsi duten laurehun hiri baino gehiagoren artean daude.

Carmen Muñoz koalizioko bozeramaileak adierazi du erabat bidezkoa dela Bilbok giza eskubideen aldeko nazioarteko ekimen honekin bat egitea arrazoi etikoak direla medio, eta era berean hiriko alkate Juan Mari Aburtok saldu nahi duen ustezko balioen hiriarekin koherenteak izateko.

Hirirako eskubidearen defentsarako gutun hau sinatzea edo berrestea, argazki bat edota asmoen deklarazio soil bat baino zerbait gehiago da. Izan ere, gutuna sinatzen duten hiriek Europako Gutunean biltzen diren printzipio, arau eta berme-mekanismoak beren ordenamenduari erantsi behar dizkiote”, adierazi du Muñozek.

Koalizioak adierazi du ez dutela ulertzen Bilbo gutunari ez atxikitzea, gutuna Udalen eta Tokiko eta Eskualdeko Gobernuen Munduko Sareak (UCLG) bultzatu baitu, eta gainera Udalak erakunde horretan parte hartzen du.  “Bilbo sare horren kide aktiboa bada 2004. urteaz geroztik, gure ordezkariak egiten diren nazioarteko topaketetara joaten badira, adibidez Txinara edota Kolonbiara, eta Juan Mari Aburtok eta Xabier Otxandianok sare horretan karguak baldin badituzte, zergatik ez dute berresten eta ez dute bat egiten Europako Gutunarekin, giza eskubideak sustatzeko nazioarteko erakunde horren tresna nagusietako bat izanik?, galdetu du Muñozek.