Jai-eredua berraztertzeko eskatu diogu Gobernu-taldeari

• Irabazi Bergara Koalizioaren ustez, ospakizunen egungo planteamendua zaharkituta geratu da.
• Gainera, programan txertatu beharreko aldaketei buruzko hausnarketa herritarren parte-hartzera ireki behar dela uste du.

 IU-Ezker Anitza, EQUO Berdeak alderdiek eta independenteek osatutako Irabazi Bergara koalizioak jai-eredua berraztertzeko eskatu die Bergarako Gobernu-taldeari eta udalbatzako talde politikoei.

Koalizioko kideek aste batzuk eman dituzte programaren edukiari, diseinuari eta ikuspegiari buruzko hausnarketa egiten. Hausnarketa horren ondoren ondorioztatu dutenez, indarrean dagoen jai-eredua zaharkituta geratu da, eta alkoholaren eta drogen kontsumoa eta zarataren eta zikinkeriaren tolerantziaren normalizazioa aipatu dute horren harira. Jai batzuen oinarrian egon behar duten balio batzuen falta nabarmendu dute: errespetua, berdintasuna, elkartasuna, duintasuna, integrazioa, lankidetza, berdintasuna, eskuzabaltasuna, askatasuna, erantzukizuna, maitasuna eta zintzotasuna.

Horregatik, eta, jai-eredua birplanteatzeko helburuarekin, eredu hori aztertzea proposatzen dute, hainbat gizarte-agenteren eta herritarren parte-hartzearekin. Hau da, ikastola eta ikastetxeetako zein auzo eta landa-giroko eremuetako ordezkarien parte-hartzearekin. “Udalerri osoko jendeak ospatu behar ditu jaiak, baina zoritxarrez, udalerriaren inguruetan bizi direnek ez dute jaia bere sentitzen. Gainera, adin-tarte batzuk kanpo uzten dituztela iruditzen zaigu”, Irabaziko zinegotzi eta EQUO Berdeak alderdiko kide Aiert Lizarraldek adierazi duenez.

Koalizioak proposatzen du etorkinen parte-hartzerako guneak ezartzea, horrela haien integrazioan aurrera egiteko. “Kolektibo horiekin lan egin beharko genuke, haien kultura eta musika jaietan integratuz. Ildo horretan, Mundumira ekimena ekar genezake gogora, garai batean mankomunitate osoan ospatzen zena, baina denborarekin desagertu zena”, adierazi du Lizarraldek.

Hori guztia, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua ahaztu gabe. Xede horrekin, Irabazik Ihobeko jai jasangarrien gida lantzea planteatzen du. “Hau da, udalaren ingurumen-teknikariekin lan bat egitea eta programan txertatzea. Matxiategiko ekuadortarren postuei dagokienez, balorazio bat egin behar da kontsumo jasangarriaren ikuspegitik begiratuta”, zehaztu du zinegotzi berdeak, eta animaliekin egiten diren ikuskizunak zaindu beharra ere azpimarratu du. “Legaltasunaren barruan egin daitezela, bideoz grabatuz, eta jarduera horiei buruzko informazio guztia gardentasunez eman dadila. Legegintzaldi honetan sokamuturra eta idi-probak berreskuratu dira, eta gure ustez jarduera horiek ez dira egokiak, animalien eskubideak urratzen dituztelako”.

Azkenik, diru-sarrera urriak dituzten edo bazterkeria-arriskuan dauden familiei txartel sozial bat eskaintzeko aukera aztertzeko eskatu du, barraketan sartzeko aukera izan dezaten.