Gobernuari eskatu diogu 2019an guztiz bete ditzala Zadorrako uholdeak prebenitzeko akordioak

    • Elkarrekin Podemos Koalizioak finantzaketa-konpromiso irmoa eskatu du Esparru Akordioan aurreikusitako egikaritze-epeak Gasteizko hegoaldeko ibai-sarean ere betetzeko

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta EQUO Berdeak alderdiko kide José Ramón Becerra jaunak Eusko Jaurlaritzari konpromiso irmoa eskatu dio Zadorra ibaiko uholdeak prebenitzeko obrak finantzatzeko.

URA Uraren Euskal Agentziak eta Gasteizko Udalak lortutako Esparru Akordioa 2020an amaituko da, eta plangintzan jasota dagoenetik obra txikiak baino ez dira egin. Zadorraren II fasea, Abetxukoren eta Gamarraren arteko tarteari dagokiona, ez da oraindik egikaritu.

Becerrak ohartarazi du 2019. urtera begira obra horien aurrekontua ziurtatu gabe dagoela. Hitzarmenean ezarritako 2,7 milioi euroko partidatik, 2018an 300.000 euro baino ez dira erabili. Eta, Legebiltzarrean egindako agerraldian, Arriola sailburuak ez du ziurtatu gainerako 2,7 milioiak 2019an inbertituko direnik.. “Akordio instituzionalak eta hitzarmenak bete egin behar dira, eta Eusko Jaurlaritza ez da zuzen jokatzen ari Gasteiz hirian uholdeak prebenitzeko obren kasuan. Eta ez da betetzen ari URAk konprometitutako dirua ez duelako jartzen” adierazi du Becerrak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Batzordean.

Koalizioak salatu duenez, milioika euro inbertitzen ari dira bigarren mailako obra eta proiektuetan, lehentasuna duten beste batzuk alde batera uzten diren bitartean, eta ildo horretan Zadorrako uren gainezkatzeak aipatu ditu, auzokoentzat kalte material handiak dakartzatenak, laborantza-lur eta errepideak eta ingurumena hondatzeaz gainera.

Arabako hiriburuko hegoaldean aurreikusitako jardunak egikaritzeari dagokionez —Lasarteko legar-hobiak, Batan eta Zapardiel ibaiak—, Becerrak gogora ekarri du horiek ere airean daudela, Gobernuaren borondaterik ezaren ondorioz. Gobernuak ezer ez egiteak aparteko gastua dakarkio Gasteizko hiriari, AMVISA Gasteizko udal-uren sozietateak urtero milioi bat euro gehiago jarri behar duelako ibai-urak arazteko. “Ur horiek ez lirateke garbitu beharko baldin eta egikaritzeke dauden lanak aurrera eramango balira, horrek galaraziko lukeelako ur horiek hiriko estolda-sisteman sartzea” azpimarratu du Becerrak.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak nabarmendu duenez, ingurumena babesteko jardunak errentagarriak dira. “Gasteizko Hegoaldeko ibaietan uholdeak saihesteko lanak amortizatzeko zazpi urte baino gutxiago beharko da. Inbertsio bat da, eta ez gastu bat. Hortaz, zergatik ez dira inoiz lehentasunezkoak Gobernuarentzat eta gainerako erakundeentzat?”