- Berriz ere babesa helarazi diote Zaldunbordan eraikitzeko proiektuaren aurka diharduten auzoko eta elkarteen erresistentzia-mugimenduari
Iratxe García eta Guy Grivillers EQUO Berdeak Gipuzkoako kobozeramaileek berriz ere babesa helarazi diote Zaldunbordan eraikitzeko proiektuaren aurka diharduten auzoko eta elkarteen erresistentzia-mugimenduari. Horrez gain, eremua leheneratzeko eta naturgune gisa finkatzeko eskatu dute.
2004an, Gaintxurizketatik gertu dagoen landagune horretan hondakinen erraustegia eraikitzea aurreikusi zuten. Planteamendu hori bertan behera utzi ondoren, Txomin Sagarzazu Ancisar Hondarribiko EAJko alkateak “outlet” zentro bat eraiki nahi du orain lursail horretan, dendak, aparkalekua eta gasolindegia barne. “Gipuzkoan hainbat merkataritzagune daude jardunean, gehiegi gure ustetan. Udalerri bakoitzak handiena eduki nahi duela dirudi. Jarrera defendaezin eta arduragabea da, eta, gainera, lurraldea antolatzeko ildo orokorren aurka doa” adierazi du Iratxe Garcíak, alderdi ekologistak Gipuzkoan duen kobozeramaileak.
Gainera, EQUO Berdeak Gipuzkoa ez da fidatzen proiektuak etorkizunari begira ezkutatzen dituen benetako asmoez. “Gure susmoen arabera, kontratuaren klausula batek enpresa sustatzaileari beste jarduera bat garatzea ahalbidetuko dio, baldin eta outleta errentagarria ez bada. Sustatzailearen akziodunak hidrokarburoei lotuta daude, eta beraz erraz askoan igar dezakegu zer beste jarduera alternatibo planteatuko duten”, Guy Grivillers alderdi berdeko kobozeramaileak zehaztu duenez.
Horrez gain, alderdi ekologistak ez du kalteordainezko inolako klausularik onartuko outleta egiten ez bada. “Antza denez, dena ongi prestatu dute sustatzaileak dena alde eduki dezan, interes komunaren eta ingurumenaren kontra eta soil-soilik bere etekinaren alde”, azpimarratu du Grivillersek.
Bestetik gogoratzekoa da 2014an Txingudiko zerbitzuen aurkako salaketak erregistratu zirela, eremua legez kontrako eta kontrolik gabeko zabortegi baten eraginpean zegoelako. Txingudiko zerbitzuek erantzun zuten kutsadura-mailak ez zirela “kezkagarriak”, eta horregatik inork ez zuen ezer egin. Jarrera hori “onartezina” da Gipuzkoako kobozeramailearentzat. “Zer esan nahi du horrek, natura kutsadura-maila “kezkagarriak” daudenean bakarrik errespetatu behar dugula? Ez da serioa”, Iratxe Garcíak salatu duenez. Beste behin ere EQUO Berdeak Gipuzkoak eremua deskontaminatzeko eskatu du.
Merkataritzagune artifizializatu gehiago sortzeko naturguneak suntsitu beharrean, alderdi berdeak beste jarduera batzuk proposatzen ditu, enplegua sortzeaz gain interes orokor handia izango luketenak, eta gainera ingurumena errespetatuko luketenak, esate baterako, “udal-baratzeak edo nekazaritzako elikagaien guneak, hurbileko ostalariak bertako kalitatezko elikagaiez hornitzeko aproposak”.
EQUO Berdeak Gipuzkoako kobozeramaileek herritarrak gonbidatzen dituzte Zaldunbordarako azalpenezko mendi-ibilaldian parte hartzera. Apirilaren 8an izango da, datorren igandean beraz, Irungo Bentaseko geralekutik 09:30ean abiatuta.