Laster martxoaren 31 izango da, Transexualitatea Agerian Jartzeko Nazioarteko Eguna. Aurtengoak Trans Eskubideen urtea izan behar du. Diputatuen Kongresuan, Unidos Podemos talde konfederaleko kideok trans pertsonen aldeko bi lege aurkeztu ditugu: LGTBIen Berdintasunerako Legea (LGTBIen mugimenduek eta LGTBIen Estatuko Federazioak landutakoa) eta Trans Legea (Trans Plataformak landutakoa). Lege horiek funtsezkoak dira trans pertsonen berdintasuna eta autodeterminaziorako eskubidea bermatzeko.
Hala eta guztiz ere, gogora ekarri behar da gazte transexual eta transgenero askok beren buruaz beste egiteko erabakia hartzen dutela sufrimendu, iseka eta/edo jipoi gehiagorik ez pairatzeko. Heriotza horiek ezin dira ezerezean geratu. Barru-barrutik astindu behar gaituzte, eta egoera bidegabe eta krudel horri amaiera emateko kemena eman behar digute. Nolanahi ere, urte luze horietan borrokan ez jarraitzeko erabakia hartu duten horiek guztiak ez ezik, egunero-egunero kalera ateratzen diren, beren eskubideen alde borrokatzen diren, eta jendaurrean agertzeko eta adierazteko modu propio bat aldarrikatzen duten guztiak ere ekarri behar ditugu gogora.
Ez dugu ahaztu behar, halaber, Osasunaren Mundu Erakundeak, oraindik ere, transexualitatea buru-gaixotasuntzat jotzen duela; eta horregatik, haren berehalako despatologizazioa eskatzen dugu. Genero-autodeterminazioaren alde ere borrokatzen gara, inork ere ez duelako trans pertsonen identitatea babestu, ziurtatu edo zalantzan jarri behar, instituzioetan eta erakundeetan, pertsona transexual eta transgeneroen Eskubideak errespetatuak izan daitezen, Giza Eskubide horien aurka doazen jarrera, portaera eta elkarteak salatuz.
